GHK-k dio erraustegiaren azpiko uren kutsadura ez dela erraustegiaren jardunaren ondorio
SGS eta Idom enpresek Zubietako erraustegiaren inguruan dauden lur azpiko uren inguruko ikerketa egin zuten duela urtebete, eta GuraSOS elkarteak ikerketa horretako txostenak argitaratu ditu. Horien arabera, metal astunen, dioxinen eta furanoen kantitate arriskutsuak dituzte urek; ordea, GuraSOSen arabera, Eusko Jaurlaritzak, txosten horien berri izanda ere, ez du ezer egin. Aldiz, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK), erraustegiaren gaineko eskumena duen erakundeak (Ekondakin Energia eta Ingurumena enpresa taldea dauka kontratatuta instalazioa kudeatzeko), adierazi du kutsadura hori erraustegia abiarazi aurretik ere ageri zela eremu horretan egindako ikerketetan.
Ekondakin enpresa izan zen 2020an SGS enpresa suitzarrari erraustegiaren inguruetako egoera ikertzeko eta txosten bat egiteko eskatu ziona, erraustegiak Ingurumen Baimen Bateratua duenez, behartuta baitaude zundaketak egin behar dituzten lurzoruaren eta lurpeko uren kalitatea neurtzeko ikerketak egitera, baita ikerketen txostenak Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailera bidaltzera ere. Horrela, GuraSOSek salatu duenez, Jaurlaritzak 2020. urtearen amaieratik zuen txosten horien berri.
GuraSOSek salatu duenez, txostenek jasotzen duten kutsadurak “gizakiaren osasunerako edo ekosistemetarako arrisku onartezina” dakarrela, besteak beste, kobrea, zinka, kromoa, dioxinak, furanoak, fenola eta hidrokarburo aromatikoak aurkitu dituztelako. Txostenak gomendatzen du “ikerketa xehatua eta arriskuen balorazioa” egitea eta azterlanaren “emaitzak ingurumen arloan eskumena daukan administrazioari” helaraztea.
Horrela, GuraSOSek txostenetan aipatzen den kutsadurarekin lotu du erraustegiaren azpiko Arkaitzerreka errekastoan uztailaren 13an agertutako kutsadura; pasa den ostegunean, hamabost egun beranduago, errekastoak kutsatuta jarraitzen zuen, eta Fiskaltzak izapideak ireki ditu Arkaitzerrekako kutsadura aztertzeko. Ordea, GHK-k behin eta berriro esan du ez dakiela nondik datorren errekastoko kutsadura.
Bestalde, 2021eko abenduan, beste txosten bat egin zuen Idom ingeniaritza enpresak, GHK-k dioenez, berak eskatuta. Horren arabera, erraustegiaren inguruko eremua kutsatuta zegoen jada 2019ko abenduan, ikerketa horretarako laginak hartu zituztenean. Hau da, 2020ko abenduan erraustegia abiarazi aurretik, substantzia toxikoak zeuden dagoeneko erraustegiaren ondoko lur azpiko uretan, GHK-k defendatzen duenez. Gogorarazi behar da, hala ere, instalazioa ireki aurretik, 2019ko azaroaz geroztik, hainbat hilabete pasatu zituztela askotariko probak egiten.
“Asmo txarrez”
GHK-k, ohar bidez, salatu du GuraSOSek “behin eta berriz asmo txarrez” erabiltzen duela informazioa. Era berean GuraSOSen informazioak “erraustegia abaian jarri aurreko datuak” erakusten dituela nabarmendu du, eta kutsadura eremu horretan egindako betelanekin lotuta egon daitekeela.
Horren aurrean, GuraSOSek ohar bidez erantzun dio GHK-ri, eta salatu du kontsortzioak bere prentsa oharretan ez duela “daturik, azalpenik edo informaziorik” eman. “GHK-k manipulatzen du, jarduketen benetako data ezkutatuz. Lanak atzeratuta zeudela salatzen zenean, manipulazioak zirela erantzuten zuten, eta TMB (Tratamendu Mekaniko Biologikoa) instalazioa 2019ko maiatzean aurrerapenarekin martxan jarri zutela harrotasunez onartzen zuten, baita hondakinak erretzen hasi zirela ere, 2019ko azaroaren 29an. Zubietako instalazioaren TMB-a 2019ko apirilean hasi zen hondakinak jasotzen, eta 2019ko uztailaren 3an hasi zen ‘eraginkortasun osoz funtzionatzen'”, gaineratu dute.
2020ko isurketari ere erreferentzia egin diote: “Egia da Ingurumen Baimenaren eraginkortasuna ez zitzaiola eman 2020ko ekainaren 16ra arte, baina egia da, halaber, TMB-ren proba gisa 2019ko apirilaren 24an hasi zela lanean eta 2019ko uztailatik aurrera funtzionatzen hasi zela. Erraustegiaren kasuan, probak 2019ko azaroaren 29an hasi ziren, eta etengabe funtzionatzen 2020ko urtarrilaren hasieratik hasi zen. Izan ere, amoniakoaren isurketa 2020ko maiatzaren 7an egin zen, baimena izan aurretik”.