Topoa eta trena lotuko dituen trukagailua Loiolako Erriberan eraikitzeko hitzarmena sinatu dute
Eneko Goia alkatea "oso pozik" agertu da hitzarmenarekin.
Eusko Jaurlaritzako Garraio sailak, Euskal Trenbide Sarearen (ETS) bidez, duela urtebete jarri zuen jendaurrean Loiolako Erriberako trukagailuaren informazio azterlana, eta proiektua gauzatzeko hitzarmena sinatu dute orain Gipuzkoako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak eta Adifek. Euskotrenek ustiatutako topoaren linea eta Renfeko aldirietako linea geltoki baten bidez lotzeko proiektua da, eta bi lineek bat egiten duten tokian garraio aldaketak egiteko aukera emango die erabiltzaileei. 39,4 milioi euro inbertituko dituzte proiektua gauzatzeko, eta hiru erakundeen artean ordainduko dute, zati berdinetan.
Eneko Goia alkatea “oso pozik” agertu da hitzarmena sinatu izanarekin, hiriarentzat ez ezik “arlo metropolitanoarentzat” ona delako: “Ona da Donostiarentzat, baina baita Andoainentzat, Urnietarentzat, Tolosarentzat, eta abar”. Azaldu duenez, “elementu horrek etorkizuneko arlo metropolitanoaren mugikortasunari izugarrizko aldaketa emango dio. Une honetan, lanak egiten ari dira topoaren igarobidean eta Altzatik Pasaiara eta Galtzarabordara joango den zati berrian, eta Loiolako Erriberako trukagailuak hori guztia hegoaldetik datorren Renfe zerbitzuarekin lotuko du. Horrek aukera ugari irekiko dizkigu mugikortasunean: askoz konbinazio gehiago egin ahalko ditugu. Hori funtsezko elementu bat da etorkizuneko mugikortasunarentzat eta garraio publikoarentzat”.