Udalak 5 milioi euro gastatuko ditu argindarrean aurten, aurreikusitakoa baino 1,2 milioi euro gehiago
Donostiako Udalak 3,8 milioi euroko aurrekontua ezarri zuen urte hasieran argindarrean gastatzeko (Donostia Kulturaren eta udalaren mendeko beste erakunde batzuen gastuak aintzat hartu gabe), baina energiaren prezioaren igoera dela eta, urtea 5 milioi euroko gastuarekin ixtea aurreikusten dutela azaldu du Eneko Goia alkateak. Are gehiago, 2023ko argindarrerako aurrekontua 6.336.000 eurokoa izango dela aurreikusten du udalak. Espainiako Gobernuak energia aurrezteko hainbat neurri ezarriko dituen dekretua onartu berri du, eta dekretu horrek hirian izan dezakeen eraginari buruz galdetuta eman ditu datuak alkateak.
Azaldu du oraindik ez dituela dekretuaren nondik norakoak ezagutzen, baina neurriak hartzeko beharra dagoela uste du: “Datuen irakurketak zerbait egitera behartzen gaitu”. “Neurriak zentzuz hartu behar dira, segurtasuna zalantzan jarri gabe. Segurtasuna izan behar da elementurik garrantzitsuena”, gaineratu du. Eta, ildo horretatik, nabarmendu du garrantzitsuagoa dela “kaleak ondo argiztatuta egotea, monumentuak ondo argiztatuta egotea baino”.