Urumea ibaian hondakinak agertu dira berriz
Duela hilabete batzuk gertatu zen moduan, askotariko hondakinak agertu dira berriz ere Urumea ibaian, Mundaiz zubitik gertu. Eguzki Erakunde Ekologistak egoera salatu du sare sozialetan argitaratutako bideo baten bidez, eta gaineratu du udalak ez zuela ibaia ondo garbitu: “Garbitutako eremuaren ondoan, 150 metro gorago, zabor pila bat dago. Garbiketa egin zutenean, lana bukatu gabe utzi zelako gertatzen ari da hori”. Bideoan ikusten denez, bizikleta estatiko bat, sofa bat eta etxetresna elektrikoak daude ibai ertzean botata.
Hain zuzen ere, Eguzkik urtarrilean salatu zuen Urumea “zabortegi” bilakatu zela, hondakin ugari zeudelako Maria Kristina eta Mundaiz zubien artean. Gaia udalera heldu zen, eta eremu hori garbitzea erabaki zuen udalak. Langileak zortzi egunez aritu ziren garbiketa lanak egiten, eta, guztira, 7.280 kilo hondakin atera zituzten ibaitik, hau da, zazpi tona baino gehiago. Denetarik agertu zen: mikrouhin labeak, lisatzeko oholak, gurpildun aulki bat, somierrak, komun ontziak, itzalkinak eta kutxa erregistratzaile bat, besteak beste. Eguzkiren arabera, ordea, ibaia “bere osotasunean” garbitu behar da.
Jarraian, erakunde ekologistaren bideoa ikus dezakezue:
Urumea oraindik zikina jarraitzen du. Garbiketa lanak ez ziren ondo burutu eta mota guztietako hondakinak egoten jarraitzen du.
— Eguzki (@EguzkiEH) July 27, 2022
El Urumea no se limpió como corresponde y siguen encontrandose voluminosos de todo tipo.@Ayto_SS@DSS_Ingurumena@uraEJGV pic.twitter.com/pPkWqcvftY