Asier Nieblaren kasuko bi lekukoren aurkako auzibidea ireki dute
‘Asier Niebla auziko’ bi lekukoren aurkako auzibidea zabaldu du Donostiako lehenengo instrukzio epaiteagiak, Niebla hiltzeagatik zigortutako gaztearen defentsak haren aurka deklaratu zuten bi lekukoren aurka jarritako kereila tramitera onartuta. Epaiketan lekuko gisa deklaratu zuten Donostiako udaltzain baten eta hiriko taberna bateko atezain baten aurkako kereila jarri zuen defentsak lekukotza faltsua eman izana leporatuta.
Defentsaren arabera, udaltzainaren lekukotzaren asmoa zen “akusatua polizia etxean bere borondatez aurkeztu ez zela, egindakoaren jakitun zela eta erasoa aurrez pentsatuta zuela frogatzea, komisariara bere abokatuarekin joan zen eta”. Atezainari dagokionez, defentsak salatu du beste lekukoek ez bezala, hark adierazi zuela kondenatuak Niebla “bizkarretik” jo zuela. Hasieran, epaitegiak kereila artxibatzea erabaki zuen, epai irmorik ez zegoela argudiatuta. Ordea, Efe albiste agentziak argitaratutako informazioaren arabera, tramitera onartu du eskaera orain.
Gertakariak eta zigorra
2018ko abuztuaren 12an, Donostiako Aste Nagusian, Asier Niebla 29 urteko urnietarra emakume batekin hizketan zegoen Perujuantxo kaleko taberna baten kanpoan. Une batean emakumearen bikotekide ohia gerturatu eta ukabilkada bat eman zion Nieblari, eta lurraren aurka hartu zuen kolpea. Zaurien larritasuna zela eta, koman bi hilabete eman zituen gazteak, baina hil egin zen azkenean.
2021. urtearen hasieran, hamabi urte eta hamaika hilabeteko kartzela zigorra ezarri zioten erasotzaileari, giza hilketa leporatuta eta genero astungarria ezarrita. Ordea, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak atzera bota zuen genero astungarria, eta zigorra urtebete gutxitu zion erasotzaileari. Hau da, hamaika urte eta sei hilabeteko zigorra du orain. Hain justu, aurtengo otsailean zigor hori berretsi zuen Espainiako Auzitegi Gorenak.