Aste Nagusira begira, eraso matxisten aurkako prebentzio neurriak indartzeko eskatu du EH Bilduk
Hamar egun gelditzen dira Donostiako Aste Nagusia hasteko, eta azkenaldian jaietan ugaritzen ari diren eraso matxisten aurrean, Aste Nagusira begira prebentzio neurriak indartzea “beharrezkotzat” jo du EH Bilduk. “Jai giroan eta aisialdi eremuetan emakumeen kontra egindako ziztadak fenomeno kezkagarria dira. Izan ere, ziztadaren bitartez sustantzia kimikoak inokulatu daitezke emakumea ezgaitzeko eta haren sumisioa lortzeko. Antza denez, ziztada kasu gehienetan ez da halakorik gertatu, baina begi bistakoa da horiek ere emakumeen kontrako erasoak direla eta beldurra eragitea dutela helburu”, salatu du oposizioko alderdiak. Horregatik, nabarmendu duenez, ezin dira ziztadak “eraso matxistetatik bereizi”.
Era berean, EH Bilduk gogorarazi du 2022ko lehenengo seihilekoan igo egin direla sexu erasoak, Emakunderen datuen arabera: “Oro har, EAE Euskal Autonomia Erkidegoan (%66), baina bereziki Gipuzkoan, non bikoiztu egin den iazko kopurua, baita pandemia aurreko azken datua ere (24 izan ziren 2021eko lehen seihilekoan, eta 44 aurtengoan; 23, 2019koan). Bestalde, EAEn epaileek esku jarri diren ustezko erasotzaileen %27a, 9 19 eta 30 urte artekoak ziren, eta %10a adingabeak”.
Horrela, EH Bilduk “ontzat” jo du udal gobernuak, “Donostiako Piraten eskutik, Aste Nagusira begirako prebentzioa areagotzeko zenbait urrats” eman izana, baina hori are gehiago indartu behar dela uste du. Hain zuzen ere, Piratek lortu dute udalak Aste Nagusian lehen arreta profesionala ematea sexu erasoak salatzen dituzten emakumeei.
Prebentzio neurriak indartzeko, lau proposamen zehatz helarazi dizkio EH Bilduk udal gobernuari. Lehenik eta behin, Emakunderen Beldur barik, eraso matxista eta sexistarik gabeko uda gida –ziztaden inguruko jarraibideak sartu berri dituzte gidan– helaraztea Donostiako ostalariei eta jai ekitaldien antolatzaileei, eta, behar izanez gero, gida Donostiako ezaugarrietara egokitzea: “Gaur egun, erasoa gertatzen den tokian, bertako arduradunak erabakitzen du nola jokatu horren aurrean (biktimari nolako arreta eman, nori deitu, eremuan bertan zer egin…), eta funtsezkoa iruditzen zaigu, halako kasuetarako, arduradunek ahalik eta jarraibiderik argienak izatea”.
Bigarrenik, proposatu dute eraso matxista bat gertatzen den bakoitzean, udaltzainekin batera, Gizarte Larrialdietarako Udal Zerbitzuko edo Gizarte-ekintza saileko langile bat joatea biktimarengana, “lehenbailehen”. Hirugarrenik, Aste Nagusiko egunez eguneko eraso matxisten balantzea egiteko eta balantze hori publiko egiteko eskatu dute, “horrek zein eragin izan duen ezagutzeko eta zein erantzun eman erabakitzeko”. Balantze hori Donostiako mugimendu feministarekin eta jaietako eragileekin batera egin beharko litzateke EH Bilduren ustez, “eta garrantzitsua da udalak horretarako arduradun bat izendatzea”. Azkenik, eskatu dute Donostiako sexu erasoen aurkako protokoloan sumisio kimikoaren alorra txertatzea.