Etxerat-ek igandean salbuespen politikaren aurkako mobilizazioa antolatu du Nautikoan
Etxerat-ek Donostiako Nautikoan salbuespen politikaren aurkako mobilizazioa prestatu du igande honetan. Presoen elkarteak dio “beharrezkoa dela euskal gizartea aktibatzea, behin betiko amaitu daitezen Espainiako eta Frantziako estatuak oraindik aktibo dituzten presoen aurkako salbuespen neurriak”. Agerraldi honetan giza kateak egingo dituzte Salbuespen politikari stop! Etxean eta bizirik nahi ditugu lelopean.
Donostian egin duten prentsaurrekoan salatu dituzte azken hiru hamarkadetan presoei ezarritako “ezohiko erregimenen, isolamenduen eta urruntze sistematiko eta orokorren” biktima izan direla haien senide eta lagunak eta gogoratu dute joan den uztailaren 17an Itziar Moreno euskal presoaren lagun batek Roazhongo espetxearen bidean izandako istripua.
Etxerat-ek espero du igandeko mobilizazioak azkena izatea horrek salbuespen politikaren amaiera esan nahiko duelako eta “presoak eta erbesteratuak Euskal Herrian eta etxean egongo direla”. Gainera, azaldu dute egoera horrek “konponbidearen eta bizikidetzaren ziklo berrian” murgilduko duela euskal gizartea.