"Mendate gogorrak gustatzen zaizkit"
Asier Prieto (Egia, 2004) Donostialdea Bizikletan taldeko txirrindularia da, eta gero eta hobeto ari da lehiatzen ari da; pasa den asteburuan, Iruñerriko Itzulian, taldeko burua izan zen, Unax Urretabizkaiarekin batera. Oraindik ez du podiumera igotzea lortu, baina helburu hori betetzeko buru-belarri dabil lanean.
Iruñerriko Itzulian lehiatu zinen pasa den astean. Nola joan zen lasterketa?
Ez da niretzako lasterketarik aproposena, nahiko laua delako dena, malda txiki batzuekin. Horrela ere, ondo sentitu nintzen, eta azken etapan ihesaldi batean egon nintzen. Azkenean ez nuen lortu nahi nuena, baina nahiko ondo joan zen.
Gainera, Yago Agirre Watersley Junior Challenge txapelketan zegoenen, zu eta Unax Urretabizkaia izan zineten taldeko buruak.
Yago ez zegoenez, guk eman behar genuen aurpegia, bai. Hala ere, nahiko aurrean egon ginen etapa gehienetan, baina ez sailkapen orokorra lehiatzeko. [29. postuan amaitu zuen]
Gipuzkoako Itzulian lehenengo hamarren artean amaitzeko lehian aritu zinen, ezta?
Lasterketa hori aproposagoa da niretzat, eta lehenengo hamarren artean amaitzen saiatu nintzen, nahiz eta azkenean ez nuen lortu. Azkenean, saiatu behar zara; ez bazara indartsuena, urrutitik saiatu behar zara behintzat.
Mendaroko Itzulian lortu duzu orain arteko emaitzarik onena: laugarren bukatu zenuen.
Gipuzkoako Itzuliaren ondoren izan zen, hain justu. Ihesaldi bat egon zen, eta ni beste batean sartu nintzen gero. Bakarrik joan nintzen, ihesaldi horretan ez zegoelako kolaborazio handirik, eta aurrekoak harrapatu nituen azkenean. Ordea, asko nekatu nintzen hor, eta azkenean laugarren amaitu nuen. Ez nuen podiumera igotzea lortu, baina bueno, nahiko ondo.
Iruñerriko Itzulia zuretzat lauegia dela aipatu duzu. Zein da zure indargunea?
Ni igotzailea naiz, eta mendate gogorrak gustatzen zaizkit. Iruñerriko Itzulian, ordea, oso mendate motzak daude, eta beraz, ez da niretzako aproposena.
Jaisten oso ona zarela esan didate.
Jaitsieretan nahiko azkar joaten naiz, bai. Arriskutsua da, baina denbora asko atera ahal diezu aurkariei.
Nola hasi zinen bizikletan ibiltzen?
Nahiko berandu hasi nintzen. Nire lehengusuak taldean ibiltzen hasi ziren, zenbait lasterketa ikustera joan nintzen, eta gustatu zitzaidanez, haurrak kategoriako bigarren urtean ni ere taldean sartu nintzen. Gehienek urte asko zeramatzaten bizikletan ibiltzen, baina gustura aritu nintzen, eta dagoeneko bost urte daramatzat txirrindularitzan.
Kadeteetan lasterketak amaitzea kostatzen zitzaizun, baina orain, aldiz, gero eta hobeto zabiltza.
Urte horietan, nire kategoriako txirrindulari asko hazi egin ziren, baina ni beranduago hazi nintzen. Horregatik, nahiko txikia nintzen orduan, eta asko sufritzen nuen; lasterketa gehienak ez nituen bukatzen. Orain, aldiz, pixka bat handitu naiz, eta nahiko ondo nabil. Lehen, lasterketak bukatzea zen nire helburua, baina aurten podium bat lehiatzen aritu naiz, eta abar.
Zein izango da hurrengo lasterketa?
Bizkaian daukagu hurrengoa, Sodupen. Iruñerriko Itzuliaren ondoren, nahiko nekatuta gaude denak, baina bueno, ikusiko dugu zer moduz doan.
Podiumen batean ikusiko zaitugu denboraldi honetan?
Hori da helburua, bai! Nahiko gertu egon naiz dagoeneko, eta sentsazioak onak dira. Beraz, saiatuko naiz podiumen batera igotzen, edo, zorte pixka bat izanez gero, lasterketaren bat irabazten. Lasterketa guztietan saiatuko naiz, eta ea baten batean lortzen dudan.
Txirrindularitza egiteaz gain, ikustea gustatzen zaizu?
Bai. Donostiako Klasikoa jokatu berri da, adibidez, eta taldean joan ginen Murgilera, ikustera. Eta, Euskal Herriko Itzulia edo Espainiakoa gertu pasatzen direnean ere saiatzen naiz ikustera joaten.
Agian urte batzuen buruan lasterketa horietakoren batean ikusiko zaitugu.
Ondo legoke, bai [barrez].