Poliziaren presentzia handiagoa izango da Aste Nagusiko jai guneetan
Aste Nagusiko polizia operatiboaren barruan, sexu erasoak saihesteko atal berezi bat egongo da.
Donostiako Segurtasuneko Koordinazio Batzordea bildu da asteazken goizean udaletxean, Aste Nagusira begirako operatiboa zehazteko. Donostiako alkate Eneko Goia, Hiri Segurtasun zinegotzi Martin Ibabe, Ertzaintzako zuzendari Victoria Landa, Josu Bujanda ertzainburua eta Udaltzaingoko zein Ertzaintzako hainbat agintari bildu dira, eta erabaki dute poliziaren presentzia “indartu” egingo dutela Aste Nagusiko jai guneetan eta jende pilaketak sortu ohi diren eremuetan. Horrela, uniformez zein herritarrez jantzitako agenteak jai guneetan eta jende pilaketetan egongo direla zehaztu du Bujandak, “emakumeak eraso ditzakeen edozein susmagarri atzemateko”. “Neurri horiek hiriko segurtasuna bermatzeko diseinatutako dispositiboaren parte dira”, azaldu du udalak. Bujandak eta Ibabek nabarmendu dute operatiboaren helburua “edozein delitu saihestea eta hiritarrek jaiekin ahalik eta gehien gozatu ahal izatea bermatzea” dela.
Udalak azaldu duenez, Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren operatiboaren barruan sexu erasoak saihesteko atal berezi bat egongo da. Horrela, Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren oinezko patruila bateratuak ibiliko dira Parte Zaharretik, Grosetik eta Erdialdetik. “Zaintza prebentiboak eta zerbitzu bereziak egingo dira jende pilaketak izaten diren guneetan. Horiekin batera, gauetan etxera itzultzeko ibilbide seguruetako zaintza mantenduko da, bereziki emakumeak etxera itzultzeko orduan zaintza berezia duten bideetatik joan daitezen”, gehitu du udalak.
Azkenaldian ugaritu egin diren emakumeen aurkako ziztadei dagokienez, Eneko Goia alkatea “kezkatuta” agertu zen asteartean, eta Bujandak azaldu du eraso horien inguruko “hipotesi guztiak zabalik” dituztela, eta oraindik ez dakitela ziztadak xiringekin egiten dituzten ere: “Orratzak ere izan daitezke”.
Udaltzaingoak eta Ertzaintzak gogorarazi dute Aste Nagusiak gehien gertatzen diren delituak lapurretan izaten direla, bereziki, telefono mugikorren lapurretan. Horregatik, jende pilaketak dauden tokietan “adi” egotera deitu dituzte herritarrak. Era berean, gogorarazi dute Udaltzaingoak bi furgoneta dituela udan Cervantes plazan eta Zurriola pasealekuan, eta horietako bat Bulebarrean jartzen dutela gauetan.