Ura Agentziak Basozabal golfari urtean 70.000 metro kubiko ur ateratzeko baimena eman dio
Eguzki Talde Ekologistak erabaki hau gaitzetsi du herritarrei ura aurrezteko eskatzen ari zaien bitartean
Ura Agentziak Donostiako Basozabal golfari urtean hiru putzuetatik 70.000 metro kubiko ur ateratzeko baimena eman dio, Gipuzkoako Aldizkari ofizialak joan den astean argitaratu zuen bezala. Eguzki Talde Ekologistak eta Antinuklearrak erabaki hau gaitzetsi du herritarrei ura aurrezteko eskatzen ari zaien bitartean. “Baimen horren berri izan genuen egun berean, Ekonomia Garapeneko sailburu den Arantxa Tapiari entzun genion, ura aurrezteko, herritarrok kanila itxi egin behar dugula hortzak garbitzen ditugunean”, azpimarratzen du Eguzki Taldeak.
Talde ekologistak dio, INEren datuak erabilita, EAEko etxeetan, uraren bataz besteko kontsumoa egunero 97 litrokoa dela biztanleko eta Basozabaleko golfari baimendu dioten ur kopurua 2.000 pertsonek urte osoan kontsumitzen duten adinekoa dela. Eguzkik datu gehiago ematen ditu eta aipatzen du urtean 70.000 metro kubiko ur aurrezteko, Donostian erroldatutako 188.102 bizilagunetako bakoitzak bere kontsumoa, hortzak garbitzen dituztenean, 361 litro murriztu beharko lituzketela, “ia litro bat urteko egun bakoitzeko”. Eguzkik nabarmentzen du “erakundeen propaganda berdea” edo “greenwashing-a” salatzen jarraituko dutela. Salatzen dute erakundeek herritarrei “erantzunkizuna” eta ingurumena zaintzeko “keinuak” eskatzen dietela haiek “krisi klimatiko, ekologiko sozial eta energetikoan sakontzen ari direnean ezartzen dituzten politikekin”.