Aste Nagusi Piratan txandak egiteko izena eman daiteke dagoeneko
Astebete eskas gelditzen da Donostiako Aste Nagusia hasteko, eta Donostiako Piratek dagoeneko ireki dute jaietako jardueretan auzolan txandak egiteko izena emateko epea. “Zortzi eguneko egitaraua hamarnaka piraten artean antolatzen dugu, eta ehunka lagunen laguntzari esker ateratzen dugu aurrera. Auzolanean egiten dugu Aste Nagusi Pirata, eta dozenaka egitasmo hauek posible izan daitezen, ezinbestekoa da ahalik eta jende gehienak txandak egitea”, nabarmendu dute Piratek.
Askotariko txandak egin daitezke: barrakoak, Abordatzekoak, desmuntatzekoak, haurren jardueretakoak, eta abar. Edozein lagun taldek edo norbanakok eman dezake izena: “Bakoitzak gure ekarpen txikiak eginez gero, Donostiako jai herrikoien proiektua handi egiten jarraituko dugu, milaka pertsonak goza dezagun”, azaldu dute Piratek. Donostiakopiratak.eus webgunearen bidez eman daiteke izena, hemen aurkituko duzuen galdetegia betez. Bertan, txanda edo txandak egin nahi dituzuen egunak jarri beharko dituzue, eta Piratak zuekin harremanetan jarriko dira ondoren, txanda zehatza zein izango den lotzeko.