'Musika mihisean' erakusketa, Norta tabernan ikusgai
Ekainetik, Musika mihisean erakusketa dago ikusgai Groseko Norta tabernan, eta hilaren 25era arte ikusi ahalko da. Santi Parra (Amara Berri, 1961) artista donostiarrarena da erakusketa, eta bere bi zaletasun handienak batu ditu: musika eta pintura. Musika beltzaren zale amorratua da artista, eta, horregatik, batez ere blues eta soul musikari ezagunak dira erakusketaren protagonistak. Stevie Wonder, Nina Simone, James Brown eta Janis Joplin dira erretratuetan agertzen diren musikarietako batzuk, eta bakoitzaren azpian musikariaren biografia txiki bat jarri du. Kolore biziko koadroak dira, olio pinturarekin egindakoak. Ikusgai egoteaz gain, salgai ere badaude, eta tabernako langileei galdetuta egin daitezke erreserbak.
Arte Ederretan lizentziatua da Parra, eta bere obra Donostiako beste hainbat tabernatan izan du ikusgai bere ibilbidean zehar, besteak beste, Albokan, Izarraitzen eta Barten. Olioaz gain, beste teknika batzuk ere lantzen ditu, esaterako, arkatza eta ikatz ziria. Horrez gain, taberna batzuetako logoak ere diseinatu izan ditu.