"Udalari konfiantzazko botoa emango diogu, baina egoera ez bada hobetzen, protestetara itzuliko gara"
Amarako San Roke eremuko eskailera mekanikoak geldirik daude aspalditik, matxura bat dela eta. Ekainaren bukaeran, udalak jakinarazi zuen ia hiru hilabetez egongo direla zerbitzurik eman gabe, lanetan arazoak sortu direlako. Horren aurrean, auzoko bizilagunek, Amara Bai auzo elkartearen eskutik, protestak egin dituzte eskaileren aurrean azken asteotan; asteazkenero elkarretaratu dira han. Izan ere, salatzen dutenez, San Rokeko goiko gunean jende heldu asko bizi da, eta erosketak egiteko beheko partera jaitsi behar dute, baina eskailera mekanikorik gabe, ezin dira igo, eta beraz, “salduta” gelditzen dira.
Berriki, Mariaje Idoeta Auzoetako zinegotziarekin bildu dira bizilagunak, egoerari irtenbide bat emateko helburuarekin. Bizilagunek azaldu dutenez, udalak esan die hilaren amaierarako konponduko dituztela eskailerak, eta San Rokeko mikrobus linearen maiztasuna ere handituko dutela. Horrela, protestak egiteari uztea erabaki dute, baina egoera hobetzen ez bada, elkarretaratzeetara itzuliko direla ohartarazi dute.
San Rokeko bizilagun Ainhoa Sagarna Uriarekin hitz egin dugu, bizilagunek bizi duten egoera gertuagotik ezagutzeko; jarraian irakur dezakezue elkarrizketa:
San Rokeko eskailerak geldirik daude aspalditik. Nola eragiten dizue?
Eskailera mekaniko horiek beti daude matxuratuta. Orain, esaten dutenez, pieza bat puskatu omen da, eta hilabete pilo bat behar omen dituzte hori konpontzeko. Orduan, bizilagun batzuk udaletxera joaten aritu dira, eta abar. Udalekoek, ordea, eskuak garbitzen dituzte, esanez Orona enpresari pasatu behar diotela abisua, eta abar. Kontua da han goian, San Roken, jende heldu asko bizi dela, eta eskailera mekanikorik gabe ezin dira handik jaitsi, naiz eta eskailera mekanikoak soilik igotzeko diren. Izan ere, lehen han goian bazeuden erosketak egiteko denda batzuk, baina itxi egin zituzten. Beraz, auzoaren beheko aldera jaitsi behar dira erosketak eta halakoak egiteko, eta jende heldua ezin da pisuarekin oinez igo; eskailera mekanikoak behar dituzte.
Horren harira, San Rokeko mikrobusak maizago pasatzeko eskatzen ari gara, eta eskaera horri baietz esan digute udaletik. Ez dakit egia izango den, baina bueno.
Asteazkenero protestak egiten aritu zarete horregatik.
Bai, udalak kasu egiteko, eta ikusteko zein den egoera. Begira, ni San Rokera etorri nintzenean bizitzera, 2000. urtean, behintzat bi denda zeuden, baina gero itxi egin zituzten. Irisgarritasuna hobetzeko bizilagunentzako Roketaxi zerbitzua jarri zuten lehenengo, gero autobusa jarri zuten eta gero eskailerak. Orain, dendak itxita, are beharrezkoagoak dira eskailerak. Nik, adibidez, nire bizilagun bati erosketak egin behar dizkiot, berak ezin duelako pisu horrekin etxeraino igo.
Oronatik esan digute konpromisoa hartzen dutela hilaren amaierarako eskailerak berriz martxan jartzeko. Baina ez dakigu egia izango den. Izan ere, batzuetan, Oronakoak etortzen dira, petatxu bat jartzen dute eta aurrera. Baina, hurrengo egunean jada ez dute funtzionatzen. Pentsa, jende heldua jaisten da, erosketak egiten ditu, eta eskaileretara iristean ikusten dute berriz ere ez dutela funtzionatzen, eta ezin dutela hortik igo. Salduta gelditzen dira.
Udalarekin ere bildu zarete, ezta?
Bai. Eta hori esan digute, asteburu honetatik aurrera autobusaren maiztasuna handituko dutela, hogei minutuan behin pasatuko direla. Eta, bestalde, eskaileretako pieza ospetsu hori konponduko dutela; hiru hilabete tardatuko zutela esan ziguten, sei hilabete… Eta hemen gabiltza, zain.
Udalarekin egindako azken bileraren ondoren, erabaki duzue momentuz asteazkeneroko protestak egiteari uztea, ezta?
Bai, hori da. Atzo egin genuen azkena, eta erabaki genuen momentuz protestak gelditzea, suposatzen delako asteburu honetan handituko dutela autobusen maiztasuna. Ez dutela hitza betetzen? Asteazkenero protestak egitera itzuliko ginateke. Behintzat jendeak ikusteko hor arazo bat daukagula.
Jende heldua auzora jaisten bada eta itzultzerakoan eskailerak matxuratuta aurkitzen baditu, zer egiten du?
Aldapa oinez igotzeko gai ez direnez, autobusaren zain egon behar dira. Gainera, mikrobusa denez eta maiztasuna ez denez oso handia, bete-beteta iritsi ohi da, eta auzoko zaharrek esan izan digute autobusa hartzeko beldurra dutela, horren beteta joanda, heltzeko eta esertzeko zailtasunak dituztelako, eta abar. Autobus hori, gainera, Matia kaleraino joaten da, eta beraz, ez dute soilik San Rokekoek hartzen. Jende helduarentzako autobusa doan jartzeko ere eskatu genion udalari, baina ezetz esan digute.
Bizilagun bati erosketekin laguntzen diozula aipatu duzu. Elkar laguntzen ari zarete, beraz.
Hori da, bai. Batzuetan, helduek tinbrea jotzen dizute, eta ‘ogia behintzat erosiko didazu? Ez dizut molestatu nahi’, esaten dizute. Eta, noski, laguntzen diegu.
Udalak esandakoa beteko duelako konfiantza duzue?
Asteburu honetako konfiantzazko botoa emango diegu, behintzat. Hala ere, maiztasuna handituko dutela esan digute, baina Aste Nagusian ez dutela maiztasuna handituko, jende gutxi daukatelako, eta abar. Beraiek eskatu ziguten asteazkeneroko protestak egiteari uzteko, eta bueno, konfiantzazko botoa emango diegu, baina egoera ez bada hobetzen, protestetara itzuliko gara.