Ulia Interpretazio Zentroak erlategi berria jarri du bere instalazioetan
Ulia Interpretazio Zentroak Cristina Enea Fundazioaren laguntzarekin erlategi berri bat jarri du jarduera didaktiko bat izateko eta liztor beltzaren mehatxuei aurre egiteko helburuarekin. 2013. urtean zentroak erlategi bat jartzeko erabakia hartu zuen eta erle-kolonia bat jarri zuten han bizitzen eta lan egiten: “elementu didaktiko bilakatu zen, kristalezko hormek aukera ematen baitzieten hurbiltzen zirenei erleen lana bertatik bertara eta zuzenean ikusteko”. Garai horretan, erlategia desegin behar izan zuten liztor beltzaren edo Vespa velutinaren mehatxuarengatik, erle gutxik iraun baitzuten bizirik. Oraingo erlategiak tresna hobeagoak ditu arazo hau ekiditeko: “Orain, Vespa velutina-ren erasoei aurre egiteko neurri berriekin eta Julian Urkiola erlezainaren laguntzarekin, erlategia berreskuratu dugu, erleen koloniak abaraskak eraikitzeko eta polinizazio-lana burutzeko egiten duen lan ukaezina erakusteko baliabide didaktiko bihur dadin”. Cristina Enea Fundaziotik mehatxuak jarraitzen duela azpimarratzen dute baina liztor beltzei begira daudela diote eta momentuz kontrolatuak mantentzea lortzen ari dira.
Erlategiak metrakilatoko hodi bat du bere barnealdea Ulia Interpretazio Zentroaren kanpoaldearekin lotzen duena eta hodi horren bidez, polenez beteta iristen diren erleen joan-etorriak ikusten dira. “Ohikoa da naturan erleen erlauntzak ikusi ahal izatea, baina benetan interesgarria dena barrualdean gertatzen da, eta kristalezko erlategi honek hori ikusteko aukera ematen digu”, nabarmentzen dute Cristina Enea Fundaziotik. Fundaziotik gehitu dute Haur Hezkuntzako ikasleek ezagutu ditzaketela erleen eta erlategiaren sekretuak, haien hezkuntza eskaintza jarduera didaktikoen bitartez. Gainera, aurten erlategiaren irekierak Ulia Interpretazio Zentroaren 10. urteurrenarekin bat egiten du.