Donostiako erraldoien eta buruhandien historia azaltzen duen liburua aurkeztu dute
Itzurun konpartsaren 40. urteurrena ospatzen da aurten.

‘Donostiako erraldoiak eta buruhandiak – Bidaia denboran zehar’ liburua aurkeztu dute Itzurunek 40 urte betetzen dituen urtean. Liburua Itzurunen presidentea den Borja Muñoz Niharrak idatzi du eta Eneko Goia alkatearekin batera aurkeztu du. “Erraldoiak eta buruhandiak gure hiriaren ikur bilakatu dira, Aste Nagusiak irudiren bat baldin badauka su artifizialekin batera buruhandien eta erraldoien konpartsa da zalantzarik gabe”, azpimarratu du Donostiako alkateak. Goiak aipatu du konpartsa honek Donostiako kaleak alaitasunez eta giro onez betetzen dituztela eta Itzurunek egiten duen lana goraipatu du eta gogoratu du 2016. urtean Donostiako Udalak merezimendu domina eman ziela.
“Orain dela 40 urte hasi zen Aste Nagusia eta urte horretan erraldoiek eta buruhandiek desfilatu zuten lehenengo aldiz” aipatu du Borja Muñozek eta nabarmendu du estreinaldi hori “gazi-gozoa” izan zela jendeak ez baitzion harrera ona eman hasieran:”Hiriak garai horretan ez zuen ondo ulertu konpartsa honen funtzioa, jendeak kabalgata bat izango balitz bezala kokatu zen kaleetan eta ez zuen ondo funtzionatu”. Muñozek azaldu du egoera hau 1989ean aldatu zela Donostian Salve-a lehenengo aldiz antolatu zenean, egun horretan hirian “sekulako nahaspila sortu zelako eta orduan erraldoiak sartu ziren kaleetan, egoera hori eten zen eta orduan jendeak konpartsa honen funtzioa ulertu zuen”.
Muñozek azpimarratu du liburu honek hiru helburu dituela. Lehenengoa, Itzurunen historia kontatzea eta Donostian 40 urte hauetan zehar erraldoiek eta buruhandiek izan duten papera goraipatzea; bigarrena, haurrentzako gaixotasunen ikerketentzako dirua lortzea, “liburuak lortzen dituen irabazi guztiak ikerketa hauentzako izango dira”, azpimarratu du Muñozek; eta hirugarrena, belaunaldiarteko liburu batean bilakatzea izango litzateke, “bereziki haurrek erabili ditzaten eta mugikorrak gutxiago hartu ditzaten”. Liburuaren istorioak lau hamarkadetan banatuta daude, eta liburuak irakurleari Donostiako erraldoien eta buruhandien historian murgiltzeko eta bidaiatzeko gonbita egiten dio.