Bera Berak jantzi berria du datorren denboraldirako
2022-2023ko denboraldira begira dago jada Bera Bera, eta jantzi berriak aurkeztu ditu. Talde donostiarrak asteartean egin zuen aurkezpena Haizearen Orrazian, eta han izan ziren Paula Arcos, Maitane Etxeberria eta Maddi Aalla jokalariak. Klubaren ohiko koloreak, urdina etxeko partidetarako eta laranja kanpokoetarako, mantendu dituzte, eta galtzetako kolore bera jarri dute sorbaldetan: urdin iluna etxeko jantzian eta beltza kanpokoan.
Negua enpresak egin ditu jantziak, eta berritasun gisa, kamiseten alboetan sare bat marraztu dute, baita kamiseta laranjaren mahukaren tolesturan Gure nortasuna, gure indarra leloa idatzi ere. Atezainei dagokienez, hiru koloretako kamisetak izango dituzte: berdea, gorria eta fuksia. Kamisetak 40 euroan eskuratu daitezke, klubarekin harremanetan jarrita, eskubaloia@berabera.eus helbidera idatzita.