Dbuseko ohiko bidaien prezioa 0,96 eurotik 0,48 eurora pasatuko da
Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako departamentuak hilaren 4an onartu zuen Mugi sistemaren tarifei %50eko beherapena aplikatzea irailaren 1etik abenduaren 31ra, Espainiako Gobernuak ekainaren 25ean onartutako dekretua betez; garraio publikoaren erabiltzaileentzako beherapenak eta laguntzak ezartzen baititu dekretu horrek. Neurri horrek eragina izango du ere Donostiako autobus zerbitzuan, eta udalak Dbusek irailaren 1etik aurrera izango dituen tarifen berri eman du.
Horrela, Mugi txartelarekin egindako lehenengo hogei bidaien prezioa bidaia bakoitzeko 0,96 eurokoa da gaur egun, eta 0,48 eurokoa izango da irailaren 1etik abenduaren 31ra. 21. bidaiatik 50. era, 0,78 euro ordaindu behar dira egun, eta 0,39 euro ordaindu beharko dira neurriak indarrean sartzen direnean. Aldiz, 51. bidaiatik aurrera, 0,19 euro ordaintzen dituzte erabiltzaileen orain, eta 0,09 euro ordainduko dituzte irailaren 1etik aurrera.
Mugi txartela anonimoarekin, bidaia bakoitzaren prezioa egungo 1,26 euroetatik 0,63 eurora pasatuko da, eta Bak eta Barik txartelekin 0,96 eurotik 0,48ra. Noizbehinkako bidaia txartelaren (eskudirutan edo bankuko txartelarekin ordaindutako bidaietan, alegia) eta gaueko autobus zerbitzuen prezioak, aldiz, ez dira aldatuko: 1,85 eta 2,50 euro prezioak mantenduko dituzte, hurrenez hurren.