Eguzkik salatu du Urumean isurketa kutsakor bat izan zela joan den astean
Eguzki Erakunde Ekologistak salatu duenez, pasa den astean isurketa kutsakor bat izan zen Urumea ibaian, Txomiñenen. Eguzkiren arabera, “obra batetik egindako bat-bateko isurketa” izan zen, eta eta Ura agentziako ikuskaria iritsi zenerako “amaitua” zegoen.
“Abuztuan, normalean ugaldu egiten dira isurketa salaketak. Oporrak direla eta, enpresa batzuek ‘garbiketa’ egiten dute, eta, oro har, ibaiek eta errekek ur gutxiago eramaten dutenez, isurketa ‘arruntak’ ere urteko beste hilabeteetan baino nabarmenago ageri ohi dira”, azaldu du Eguzkik. Ildo horretatik, Txomiñenekoaz gain, joan den astean Aretxabaletan ere beste isurketa bat izan zela salatu dute, Deba ibaian. Jarraian, Urumeako isurketaren bideoa ikus dezakezue:
Horrela, gogorarazi dute herritar batek isurketaren bat ikusiz gero, “egin dezakeen onena” ahalik eta azkarren 112 larrialdi zerbitzuetako telefono zenbakira deitzea dela: “Handik jarriko dute martxan protokoloa, Ura agentziako ikuskatzaile bat isuria detektatu den lekura joatea aurreikusten duena”. 112ra deitu ostean, “nahi izanez gero”, Eguzkiri isurketaren berri ematera deitu dituzte herritarrak: 688-66 25 32 telefonora deituz edo eguzki.eguzki@gmail.com helbidera mezu bat bidaliz. Ahal dugun neurrian, jarraipena egiten saiatuko gara, eta, hala badagokio, publikoki salatuko dugu”.
“Salaketa publikoa guk, beste talde ekologista batek, auzo elkarte batek edo dena delako batek egitea ezinbestekoa tresna iruditzen zaigu, zeren eta ikusten ez diren arazoak ez baitira existitzen, eta, hain justu, isurketen arazoari ikusgarritasuna eman behar baitzaio”, gaineratu dute ekologistek.