Eraso sexistak saihesteko udalak segurtasuna areagotuko du
Donostiako Udaleko Berdintasun Bulegoak eraso sexisten inguruko sentsibilizazio eta prebentzio kanpaina indartuko du Aste Nagusian. “Inguruko beste herri batzuetan berriki izan diren salaketek eta substantzia jakin batzuekin egindako ziztaden ugaritzeak alerta piztu dute, eta jaietan erne egon beharra dago; izan ere, jende ugari biltzen da ekitaldi askotan, eta beste zenbait elementu denok baztertzen ditugun jarrera eta eraso matxisten agerleku izaten dira. Erasoen aurkako kanpainaren fase honen helburua da jarrera proaktiboak sustatzea eta erasoak jasaten dituzten emakumeei eta neskei arreta ematea”, adierazi du Ane Oiarbidek, Berdintasuneko zinegotziak.
Aste Nagusian, iragarri dute Bulebarreko prentsa-kioskoa zegoen tokian, San Jeronimo kale-buruan, informazio eta arreta puntu finko bat edo ‘Puntu Morea’ jarri dela eta hiru helburu izango dituela: Batetik, Indarkeria matxistaren aurkako erreferentziazko espazio seguru bat sortzea Aste Nagusian; bigarrenik, indarkeria matxistaren aurkako prebentzioa eta sentsibilizazioa sustatzea jendaurrean; eta hirugarrenik, bertaratzen diren neskatilei eta emakumeei arreta ematea, eta behar duten informazioa eta laguntza ematea.
Zerbitzu honetarako informazio eta arreta punturako ordutegia honako hau izango da: larunbata, abuztuak 13, 19:00etatik 05:00etara; igandea, abuztuak 14, 17:00etatik 05:00etara, astelehena, abuztuak 15, 15:00etatik 05:00etara; asteartea, abuztuak 16, 12:00etatik 15:00etara eta 19:00etatik 04:00etara; asteazkena, abuztuak 17, 12.00etatik 15:00etara eta 19:00etatik 04:00etara; osteguna, abuztuak 18, 2.00etatik 15:00etara eta 19:00etatik 04:00etara; ostirala, abuztuak 19, 17:00etatik 05:00etara; eta larunbata, abuztuak 20, 17:00etatik 05.00etara.
Udalak donostiarrak sentsibilizatu nahi ditu eta horretarako neurriak hartuko dira. Aste Nagusian, bi hezitzaile ibiliko dira gazteak dauden tokietan, haiek sentsibilizatzeko asmoz eta gauero emango diete informazioa gazteei, 23:00etatik 03:00etara kaian, Kontxako hegalean eta Kursaal aldean.