Euskarak hirian izandako presentzia ezagutzeko bisita, Bageraren eta Piraten eskutik
Heltzear da Aste Nagusi Pirata, eta jai giroak Donostia hartuko du, askotariko jarduerekin: kontzertuak, bazkariak, jokoak, erromeriak, eta baita bisita gidatuak ere. Hain zuzen ere, Bagera elkarteak bisita gidatua antolatu du Parte Zaharretik iganderako, hilaren 14rako. 12:00etan abiatuko dira kaiko Flamenka gunetik: “Parte Zaharrean barrena egingo dugun ibilbidean, gure hirian euskarak zein leku izan duen ezagutuko dugu”, azaldu du Bagerak.
Bisita, gainera, girotua izango da, Asier Ibarguren eta Iker Ormazabal bertsolariek egingo dituzte gidari lanak bertsotan, eta Ainhoa Bengoetxea eta Oritz Barrenetxea trikitilari eta panderojoleek musikatuko dute ibilaldia.