"Orain Juan Martin gutxiago daude Donostian"
Joli Pascualena aktore eta musikagilea (Iruñea, 1976) Donostian abuztuaren 30ean eta 31n (sarrerak Donostia Kulturaren webgunean eskuratu daitezke) Victoria Eugenian eskainiko den 'Kutsidazu bidea, Ixabel' antzezlaneko kide da. Musikal formatuan eskainiko den umorezko istorio ezaguna antzeztuko dute Donostian eta haiek sortu dituzte bertan abestuko diren kanten letrak.
Zergatik erabaki zenuten ‘Kutsidazu bidea, Ixabel’ eleberriaren istorioa antzeztea?
Euskarazko antzezlan bat egin nahi genuen, musikal bat ekoiztu nahi genuen, eta gure historian edo kulturan zein aukera zeuden begiratu genituen, eleberriak begiratu genituen. Hasieran, Anjel Alkainekin geundela, txantxa moduan Kutsidazu bidea, Ixabel atera zen eta azkenean ondo zegoela iruditu zitzaigun. Txantxa moduan hasi zen eta pixkanaka forma hartu zuen. Joxean Sagastizabali komentatu genion eta poza handia eman genion beste formatuetan istorio hau kontatu delako baina musikal moduan falta zelako.
Euskal Telebistak eskaini zuen telesailarekin zertan desberdintzen da antzezlan hau?
Alde batetik musikala dela eta istorioa abestietan eta esaldietan banatzen dela, baina beste aldetik Patxi Barcok eta Aitziber Garmendiak izugarrizko lana egin zuten eta istorioari buelta batzuk eman zizkioten. Gure antzezlanean telesailean baino gauza gehiago kontatzen dira. Istorioa bera da, baina nola kontatzen den desberdina da eleberritik hogei edo hogeita hamar urte pasa direlako eta gure testuingurua aldatu delako.
Zergatik erabaki duzue musikal formatuan egitea?
Bereziki guk normalean musikalak egiten ditugulako, gure ikuskizun gehienak musikalak dira. Hasieratik garbi genuen musikal bat egin nahi genuela eta ondoren erabaki genuen Kutxidazu bidea, Ixabel izango zela.
Antzezlan honekin antzekotasuna izan dezakeen musikalen bat duzue erreferentziatzat?
Istorio oso desberdinak dira baina umorearen aldetik Monty Pythonen Spamalot musikalarekin zer ikusia izan dezake. Batez ere guri asko gustatzen zaigun umorea delako, umore zuria eta zentzugabea eta pixka bat fantasiatsua.
Umerezko istorio bat izanda erantzukizun gehiago ematen al du beste genero batekin alderatuta, jendearen algarak bilatu behar direlako?
Alde horretatik ardura gehiago dugu, baina bereziki, Kutsidazu bidea, Ixabelen istorioa errespetatu behar delako. Berria den zerbait egin nahi genuen baina istorio originala errespetatzen, esentzia ukitu gabe. Istorio originala abiapuntutzat hartu dugu baina gero gure erara kontatu dugu, musikal formatuan, jakinda istorio hau gure imajinarioan dagoela. Hasieratik ardura hori izan dugu. Baina guk normalean ikuskizun gehienetan komedia jorratzen dugu, Emakume Okerrak eta Porrutata izan ezik, gai serioagoak zirelako.
Zer azpimarratuko zenuke antzezlan honetatik?
Alde batetik taldearen profesionaltasuna, izugarrizko taldea daukagu, Maria Redondo eta Xanti Korkostegi protagonistak, Ainhoa Aierbe eta Inazio Tolosa oso aktore onak dira eta Patxi Barcoren eskutik zuzenduta, kalitatezko lana egin dugula uste dut eta Aitziber Garmendiaren pisua ere nabari da lanean. Musika aldetik, abestiak Demode Quartetekoek egin ditugu, denak originalak dira eta oso lan polita egin dugula uste dut. Beraz, kalitatea azpimarratuko nuke.
Pertsonaia protagonista, Juan Martin, donostiarra da, Victoria Eugeniara gerturatuko direnek identifikatuta sentituko dira pertsonaiarekin?
Hogei edo hogeita hamar urte pasa dira eleberritik eta testuingurua guztiz aldatu da. Orain Juan Martin gutxiago daude Donostian, baina identifikatuta egon daitezke hiritar eta herritar baten arteko desberdintasunekin. Istorio honetan hiritar bat herri batera joaten da eta oraindik ere oso hiritarra den norbaitek arazoak ditu herri batera egokitzeko. Bestetik, euskararen aldetik euskalkiak herri batetik bestera aldatzen dira eta hor ere identifikatuak egon daitezke, baina agian donostiar batek ez dauka beste euskalkiak ulertzeko hainbeste arazo . Beraz, esango nuke hiritarren eta herritarren arteko desberdintasunean identifikatuko direla gehiago.
Zer esango zenioke jendeari antzezlana ikustera animatzeko?
Ba istorioa ezagutzen dutela eta sorpresa hartzeko aukera ematea gure bertsioari. Nahiz eta istorioa ezaguna izan beste ikuspuntu batetik ikusiko dute eta harrituta geratuko dira. Merezi du antzezlana ikustea.