19 urte igaro dira lehen abordatzetik

2003ko abuztuaren 11n itsasoratu ziren lehenengo aldiz Donostiako Piratak eta abordatzea sortu zuten. Lehen abordatzean hamarnaka piratek parte hartu zuten, hogei ontzi gidatuta, eta haien buruetan galdera bat zuten: “Zer arraio gertatzen zaigu hiri ‘santu’ honetan halako festak izateko?” Gazte horiek festen “agerpen herrikoia berreskuratu” nahi zuten, baina, nahiz eta ahalegin guztiak egin hori aldatzeko “Semana Grande eredua” gailentzen jarraitzen zuela ikusten zuten. Haien helburua Aste Nagusiak interes pribatuek kudeatzen ez zuten egitarau bat izatea zen, herritarrak “ikusle-pasibo eta kontsumitzaile-aktibo” baitziren eta euskarak festetan protagonismo handiagoa behar zuela pentsatzen zuten, “gaztelaniak eta zezenketek indar handiegia” zutelako. Eta hausnarketa horretan, beste galdera bat etorri zitzaien burura: “Baimenik eskatu behar ote dugu gure herriko jaiak ospatzeko?”. Testuinguru horretan, jaia eta aldarrikapena uztartzeko sortu zuten abordatzea, desobedientzia, umorea eta parte-hartzea iparrorratz hartuz. Horren ondorioz, festak libertatean ospatu ahal izateko espazio publikoaren erabilera komunitario eta librea aldarrikatuz, itsasoratu ziren, kaitik Kontxako hondartzaraino. Hondartzan, udaltzainekin topatu ziren eta identifikazioa eskatu zieten, baimenik gabe atera baitziren. Piratek ordea, protesta moduan, udaletxe aurrean utzi zituzten haien ontziak. Egun Donostiako Piratak hamar izatetik milaka izatera pasa dira, Donostiako festa herrikoiak irudikatuz.