"Amaren abizena aurretik jarri nahi izateak Jesu Kristoren krisia sortuko luke edozein familiatan"
Hilaren 18tik 20ra euskarazko antzerkiaz gozatzeko aukera izango da Antzoki Zaharrean, Txalo ekoiztetxearen 'Sagastitarrak' obrarekin (20:00etan); sarrerak Donostia Kulturaren webgunean eskuratu daitezke, 20-25 euroan. Begoña Bilbao Lejarzegi da zuzendaria, eta Koldo Olabarri (Bilbo, Bizkaia, 1992), Ainhoa Etxebarria (Ondarroa, Bizkaia, 1993) eta Joseba Apaolaza (Urretxu, Gipuzkoa, 1960) aktoreek gorpuztuko dituzte pertsonaiak. Obraren nondik norakoak kontatu dizkigute aktoreek.

Zertan datza ‘Sagastitarrak’ antzezlana?
Joseba Apaolaza (J.A.): Berez, antzezlan katalan baten egokitzapena du, guk gurera ekarritakoa. Nagusiki, kontatzen du sagastitarren leinuan, dinastian, gertatzen ari den arazo garrantzitsu bat, gaur egun benetan familia askotan gertatzen ari dena. Arazo hori da nire alabak abizena aldatu nahi duela, bere amaren abizena jarri nahi duela aurretik. Familia honetako krisi nagusiena sortzen du horrek, eta guk krisi hori antzeztuko dugu.
Beraz, Joseba aita da, Ainhoa alaba eta Koldo alabaren bikotekidea.
J.A.: Bai, hori da. Hortik aurrera, ezin gara gehiegi luzatu kontaketan, baina kontua da ni saiatuko naizela nire alabak iritziz aldatu dezan. Era berean, funtzioak azaleratu egiten ditu bi belaunaldiren arteko iritzi desberdintasunak. Eta, klase sozialen arteko desberdintasunak ere nahastu egiten dira. Nagusiki, bizitza ikusteko modu bat eta ideologia jakin bat duten bi gazte ikusiko ditugu, eta aitaren ikuspuntu eta ideologia kontrajarriak. Aita beste garai bateko pertsona bat da, familia aberats bateko burua. Kontraste hori taularatuko dugu.
Bukaeran, epilogo moduko bat dago, non azaleratzen den funtzio honen guztiaren irakaspena: Jesu Kristoren borroka egin dezakezu tradizio bati, abizen bati edo leinu bati eusteko, eta bi urteren edo hogei urteren bueltan aldatu daiteke. Askotan, horrelakoak gara gizakiak, alferrikako gauzak egiten ditugu eta gero denborak espero ez zenuen lekuetara eramaten zaitu.
Nola sentitzen zarete zuen pertsonaiekin?
Koldo Olabarri (K.O.): Lehenengo eszenan, aitaginarreba eta ni gaude bakarrik, lehen aldiz. Bi ideologia desberdinen arteko tentsio hori dago, ea bakoitza non kokatzen den, eta abar. Eta, gainera, Josebak zerbait kontatu nahi dit une oro, baina ez dit kontatzen. Azaleratzen da bakoitzak mundua ikusteko duen era. Hasieran, nire pertsonaia oso tinko dago bere ideologiarekin, eta, aldi berean, grazia egiten dio halako burges bat nola bizitzen den ikusteak.
J.A.: Lehenengo eszena horretan, gure dinastiaren apologia egiteko aprobetxatzen dut nik, horretarako laguntzen baitu eszenografiak. Nire arbasoen ibilbidea kontatzen dut, esanez bi mendetan zehar zein garrantzitsuak izan garen sagastitarrok herri honentzat. Gure alabak arinkeriaz pikutara bota nahi du dinastiaren abizena, eta gure leinuaren garrantzia puzteko erabiltzen dut nik lehenengo parte hori.
K.O.: Gainera, Ainhoaren pertsonaia haurdun dago, eta horrek ere garrantzia du obran. Hain zuzen, bigarren eszenan hori jorratzen dugu: ume bat ekarriko dugu mundura, eta hasieran oso argi geneukana kolokan jartzen da.
Ainhoa Etxebarria (A.E.): Gure bikotean gertatzen da nire pertsonaia familia aberats batetik datorrela, eta Koldoren pertsonaiarekin dituen desberdintasunak ikusten dira. Koldo ni baino askoz apalagoa da, ez ditu izan nik izan ditudan aukerak, eta beraz, ikusten da bakoitzak bere ideiak dituela, baina kontua da nik aukeratu egin ditudala ideia horiek; Koldok ez du beste aukerarik izan.
J.A.: Bestalde, lehenengo eszena horretan nik xantaia moduko bat egiten diot Koldori, Ainhoa konbentzitu dezan abizena aldatu ez dezan. Gure familiaren enpresan lanpostu garrantzitsu bat eskaintzen diot, ingeniaritza bukatzen ari delako, baina horren truk Ainhoa abizena ez aldatzeko konbentzitu behar du. Eta, horrek kontraesan bat sortzen dio Koldori. Azken finean, ni enpresa baten burua naiz, eta Ainhoa eta Koldo enpresa horren aurka ere badaude, enpresa horrek egiten duenarengatik.
Entseguekin topera ibiliko zarete orain, ezta? Laster taularatuko baituzue Donostian.
A.E.: Bai, hilaren 16an aurrestreinaldia daukagu Urnietako Sarobe zentroan, eta 18tik 20ra Donostian egongo gara. Gelditu gabe gabiltza, azken orduko prestaketak egiten, eta abar.
Aurretik elkarrekin lan egindakoak zarete?
A.E.: Zurekin lan egiten dudan hirugarren aldia da [Apaolazari esan dio].
K.O.: Eta, gure laugarren aldia da? [Apaolazari]. Dido & Aeneas, Obabakoak, Erresuma eta hau.
J.A.: Azken urteotan dezente egin dugu lan elkarrekin, proiektu desberdinetan. Horrek gauzak errazten ditu, elkar ezagutzea abantaila da beti, konfiantza dagoelako gure artean.
Donostian antzezteko gogoz zaudete?
A.E.: Bai! Antzoki Zaharra leku aparta da, niri asko gustatzen zait. Txikia delako, baina aldi berean klasikoa, polit-polita. Gainera, gustatzen zait, Donostian jende gazte asko joaten delako antzerkia ikustera.
J.A.: Ez duzue inoiz antzeztu Antzoki Zaharrean?
K.O.: Ez.
A.E.: Han antzezten dudan lehenengo aldia izango da, bai. Antzezlanak ikusten egon izan naiz, eta beraz, kristoren ilusioa ematen dit han antzezteak. Gozagarria izango da.
K.O.: Gainera, nik uste dut obra honek eskatzen duela publikoa izatea.
J.A.: Komediak beti eskatzen du hori, bai.
Donostian antzeztu ondoren, birarekin jarraituko duzue?
J.A.: Baditugu emanaldi batzuk itxita, bai. Oraindik astiro doa, oso tartekatuta daude. Baina, dena ondo joanez gero, udazkenean gaztelaniazko bertsioa prestatu beharko dugu, beraz, izango dugu emanaldi gehiago eskaintzeko aukerarik.
A.E.: Momentuz, eta aurretik besterik ateratzen ez bada, gaztelaniazko bertsioa Ribaforadan estreinatuko dugu, azaroan. Eta, Leioan ere gaztelaniaz egingo dugu, adibidez. Urriaren 2an Arriaga antzokian egongo gara, eta irailean Pasaian.
Zer aurkituko dute donostiarrek ‘Sagastitarrak’ obran?
J.A.: Komedia polit bat, nik uste. Arina, polita eta oso gaurkotasunezkoa. Izan ere, esku artean ditugun gai guztiak gaurkotasunezkoak dira, abizenaren gaitik hasita. Amaren abizena aurretik jarri nahi izateak Jesu Kristoren krisia sortuko luke edozein familiatan gaur egun ere. Beraz, gai nagusiak badauka lotura egungo garaiarekin. Horretaz aparte, lehen esan duguna, bi belaunaldiren eta bi ikuspegiren arteko talka bat ikusten da, oso argia; beraien pertsonaiak ikustean eta nirea ikustea, segituan jakingo dugu nori ematen dioten bozka beraiek eta nori nik. Orduan, hor sortzen diren eztabaida eta gorabeherak aberatsak eta entretenigarriak dira.
A.E.: Egia da gero eta gehiago jartzen zaiela seme-alabei emakumearen abizena, baina oraindik eztabaidak sortzen ditu. Nire kuadrillako batek oraintxe izan du umea, eta horretan ibili dira, bataren abizena jarri edo bestearena.
Bestalde, jendea animatzeko… Aste Nagusia izango da eta jai giroa egongo da; antzerkia ikustera joatea baino gauza hoberik? Ederra da! Hortik ateratzen zara, kopatxo bat hartzen duzun bitartean komentatzen duzu, eta handik kontzertuetara. Kristoren plana!