Arte Ederrak eraikinaren fatxadaren zati baten "suntsiketa" salatu du Ancorak
Aurrera doaz Donostiako Arte Ederrak eraikina Hilton hotel batean bihurtzeko lanak, eta Ancora Ondarearen Babeserako Elkarteak salatu du fatxadaren zati bat “suntsitu” egin dutela. Elkarteak azaldu duenez, Prim kalearen aldeko fatxadan zulo bat egin dute, luzeran 5,5 metro dituena eta altueran 4 metro, gutxi gorabehera. “Esku hartzeak beheko solairuan izan du eragina, eta zinematografoko bi ate eraitsi dituzte, alakatik edo izkinako gorputzetik hurbilen daudenak, hain zuzen ere. Eraikinaren jatorrizko baoak ez ezik, harlanduzko zokaloa eta elementu iraunkortzat hartzen ziren hargintzako inguruak ere desagertu dira”, salatu du elkarteak. Zuloa oihal batekin tapatu dute.
Ancorak gaineratu duenez, esku hartze hori ez dator bat Eraikitako Hiri Ondarea Babesteko Plan Bereziaren (EHOBPB) fitxarekin, ezta lanek duten hirigintza lizentziarekin ere. Horregatik, elkarteak salaketa idazki bat erregistratu du udalean, Hirigintza zinegotzi Nekane Arzallusi eskatuz “dagokion ikerketa abiatzeko, lanen legezkotasuna egiaztatzeko eta kendutako elementuak zehatz-mehatz itzultzen direla bermatzeko”.
Era berean, ondarearen babeserako elkartea kezkatuta agertu da etorkizunean Arte Ederrak eraikineko lanetan gerta daitekeenarekin: Horrelako jarduerak etorkizunean ere gerta daitezkeen beldurra dago, estalitako eraispenen eta adabakien forma hartuz. Hormigoi armatuzko barne egitura guztia galdu dugu dagoeneko, eta horrek Arte Ederrak eraikinaren osotasuna eta kultur balioa izugarri kaltetzea dakar. Ancorak zaintza zorrozteko deia egin du, indarrean dagoen babes araubidea saihesteko tentaziorik egon ez dadin”.