"Donostiak erasorik gabeko hiri izan nahi du"

Donostiako Udalak ostegun goizean inauguratu du Aste Nagusi guztian zehar Bulebarrean irekita egongo den Puntu Morea, eraso matxisten aurkako “arretarako eta sentsibilizazio gunea” izango dena, Ane Oiarbide Berdintasuneko zinegotziaren hitzetan. Bulebarreko kiosko zaharra erabili dute Puntu Morea jartzeko, eta larunbatean irekiko dute, hilaren 13an, 19:00etan. Udal talde guztietako ordezkariak izan dira inaugurazioan.
Arreta eta informazio puntu hau soilik informazio puntu izatea espero du Oiarbidek, eta indarkeriaren biktima diren emakumerik artatu behar ez izatea, Donostiak erasorik gabeko hiri izan nahi duelako”, gaineratu du Oiarbidek. Era berean, gogorarazi du “polizia intentsitaterik handiena” izango dela Aste Nagusian, “patruila mistoekin”, eta “Saguesen eta Zurriolaren inguruan argiztapen berezia” jarriko dutela.
Eneko Goia alkateak udaleko Berdintasun sailak hilabeteotan egindako lana nabarmendu du: “Puntu More hau Berdintasun ataletik hilabete luzez egindako lanaren adierazgarria da. Atzetik, aurretiko lan handia dago: sentsibilizazioaren inguruan, informazioa eskaintzearen inguruan eta horrelakorik gertatzea saihesteko lanaren inguruan. Eta, zoritxarrez, baita erasoren bat gertatuko balitz biktimari nolako arreta eman behar zaion aztertu duen lanaren inguruan. Gustatuko litzaiguke gune hau horretarako erabili behar ez izatea, baina beste leku batzuetan gertatu dena ikusita, baliteke horretarako erabili behar izatea, eta prest egon behar dugu”. Bestalde, “konpromisoz jokatzera” deitu ditu herritarrak: “Gure jarreraren baitan daude gauza asko, eta denok lagundu dezakegu eraso sexistak saihesten”.
Gogoratu behar da, halaber, Donostiako Piratek aurten lortu dutela udalak lehen arreta profesionala ematea sexu erasoak salatzen dituzten emakumeei; jai seguruak bermatzeko, baliabideak eskatu zizkioten udalari, eta ardura hori bere gain hartzeko.
Ordutegi hau izango du Bulebarreko Puntu Moreak: larunbata, abuztuak 13, 19:00etatik 05:00etara; igandea, abuztuak 14, 17:00etatik 05:00etara, astelehena, abuztuak 15, 15:00etatik 05:00etara; asteartea, abuztuak 16, 12:00etatik 15:00etara eta 19:00etatik 04:00etara; asteazkena, abuztuak 17, 12.00etatik 15:00etara eta 19:00etatik 04:00etara; osteguna, abuztuak 18, 2.00etatik 15:00etara eta 19:00etatik 04:00etara; ostirala, abuztuak 19, 17:00etatik 05:00etara; eta larunbata, abuztuak 20, 17:00etatik 05.00etara.