Jon Olarra eta Juankar Iglesias preso donostiarrak Euskal Herriratu dituzte

Azken egunotan sei euskal preso Euskal Herriratu dituzte, tartean Jon Olarra Guridi eta Juankar Iglesias Chouza preso donostiarrak, Etxerat elkarteak jakinarazi duenez. Olarra Logroñoko espetxean (Errioxa, Espainia, 170 kilometro) zegoen, eta Zaballakoan (Araba) dago orain. Iglesias, aldiz, Dueñasko kartzelan zegoen (Palentzia, Espainia, 310 kilometro), eta Basaurikora (Bizkaia) eraman dute.
Olarraren kasuan, Egiakoa da, eta auzoko Sarek dinamika bat abiatu zuen uztailean, Olarraren eta Ainhoa Mujika Egiako presoaren egoerak salatzeko. Biek hogei urte daramatzate preso, eta dinamikaren aurkezpenean, Sarek salatu zuen “salbuespeneko legediak ezkutuko bizi osorako zigorra” dakarrela. Sarek uste du egoerari irtenbidea bilatu behar zaiola, bi presoek kartzelaren zigorraren erdia beteta dutelako, eta hiru laurdenak betetzear daudelako, eta, horrek, hainbat eskubide ekarri beharko lituzkeelako. Dinamika horren barruan, Egiakoak oporretako argazkiak egiten ari dira dinamikaren logoarekin (auzoko tabernetan dago eskuragarri), irailean album bat egiteko eta Mujikari eta Olarrari bidaltzeko. Argazkiak ainhoaetajonetxera@gmail.com helbide elektronikora bidali behar dira.
Euskal Herriratu dituzten gainontzeko lau presoak hauek dira: Lorenzo Aiestaran Legorburu lezoarra Soriako espetxetik (260 km) Zaballako espetxera; Luis Mariñelarena Garziandia etxarriarra Dueñastik (310 km) Iruñeko espetxera, Juan Ramon Karasatorre etxarriarra El Duesoko (170 km) espetxetik Iruñeko espetxera eta Berriozarreko Ibai Aiensa Laborda Logroñotik (170 km) Martuteneko espetxera.