XLV. Txistularien Kontzertu Nagusiak omenaldi anitz izango ditu

Konstituzio plazan, abuztuaren 13an, antolatuta dagoen XLV. Txistularien Kontzertu Nagusia omenaldiez inguratuta egongo da aurten. Kontzertua 20:30etan izango da eta txistu hotsak, kantak eta dantza uztartuko dira, ekitaldi anitza eskaini nahian. Kontzertu hasieran Jose Maria Gonzalez Bastida musikagilea eta alardearen zuzendaria izan zena gogoratuko da Potxolo dago negarrez obraren bitartez, 25 urte pasa baitira hil zenetik. Gainera, aurten Amaiurreko Gazteluaren suntsipenaren 500. urteurrena da eta gertakizun hau gogora ekartzeko hainbat nafar artista gonbidatuak izan dira. Horien artean, Estitxu Arozena bertsolaria, Fermin Garaikoetxea txistularia, Iruña Taldeko dantzariak edo Estitxu Pinatxo eta Fermin Balentzia kantariak egongo dira, Euskal Herriaren osotasuna eta Nafarroaren euskaltasuna aldarrikatzeko. Kontzertuan ere Euskal Herriko Txistulari Elkarteko hirurogeita hamar txistulari, Donostiarra Metal Bostekoa, Donostiarra Abesbatza, Lezoko Zubitxo dantza elkartea eta Hernaniko gaiteroak egongo dira. Omenaldiekin jarraituz, Txirri Mirri eta Txiribitonen 50 urteak ere ospatuko dira. Bestalde, Maritxu, nora zoaz? obra entzuteko aukera izango dute plazara hurbiltzen direnak, June Garcia txistulariaren eta Liher Yarza atabalariaren eskuz. Jose Ignazio Ansorena Miner izango da kontzertuko zuzendaria eta Kattalin Ansorena izango da aurkezlea.