Anoetan baimenik gabe sartu zen youtuberraren aurkako salaketa jarri du Realak
Borja Escalona youtuberrak bideo bat argitaratu zuen ostegunean bere Youtubeko kanalean (Escalona TV), non erakusten duen nola sartzen den Anoetako estadioan baimenik gabe, baita horren gorazarre egin ere. Hori dela eta, Noticias de Gipuzkoa hedabideak argitaratutako informazioaren arabera, Realak Escalonaren aurkako salaketa jarri du Ertzaintzan, egoitzaren bortxatzeagatik.
Escalonak halako hainbat bideo ditu bere kanalean, besteak beste, San Mames, El Sardinero, Riazor, Balaidos eta Mestalla estadioetan baimenik gabe sartuz. Bestalde, hainbat bideorengatik kanala itxi zioten denbora batez, egiten duen eduki motarengatik.