Bizkaian eta Kantabrian lehiatuko dira Donostiarra eta Donostia Arraun Lagunak
Euskotren ligako hamaikagarren eta hamabigarren jardunaldiak eta Eusko Label ligako hamahirugarrena eta hamalaugarrena jokatuko dituzte asteburuan Donostia Arraun Lagunakek eta Donostiarrak, Ondarroako (Bizkaia) eta Castro Urdialesko (Kantabria) uretan.
Eusko Label ligan, Donostiarrak lidergoa eskuratzeko aukera paregabea du asteburu honetan, Bermeo Urdaibai lehenengo sailkatuarekin berdinduta baitago sailkapen orokorrean: 128 puntu dituzte bakoitzak. Beraz, asteburuko jardunaldietan emaitza onak lortuz gero, sailkapeneko lehenengo postura pasatu daitezke donostiarrak. Ondarroako XXXVIII. Banderan lehiatuko dira larunbatean, 18:13ean, eta Castro Urdialesko X. Banderan igandean, 12:13ean.
Euskotren ligari dagokionez, Donostia Arraun Lagunakek gero eta urrutiago dauka Orio lehenengo sailkatua; lau puntuko aldea zuten pasa den asteburuko jardunaldien aurretik, eta sei puntukoa dute orain (32 dituzte donostiarrek eta 38 oriotarrek). Horregatik, alde hori murrizten saiatuko dira Donostia Arraun Lagunakeko neskak IV. Ondarroako Banderan larunbatean eta Castro Urdialesko VII. Banderan igandean. Donostiarra, aldiz, hirugarren sailkatua da, hamasei punturekin, baina gertu dauka Tolosaldea laugarrena, hamalau punturekin. 17:40ean abiatuko da Ondarroako estropada, eta 11:40ean Castro Urdialeskoa.
Bestalde, KAE 2 ligan, Donostiarra B Castro Urdialesko Banderan lehiatuko da larunbatean, 18:30ean. Ligako bigarren sailkatuak dira donostiarrak, 62 punturekin. Lapurdi dute aurretik, 80 punturekin, eta Hibaika atzetik, 57 punturekin.
Futbola
Arraunaz gain, futbola ere izango da asteburu honetan, gizonezkoen Espainiako liga hasiko baita. Horrela, Realak Cadizen etxean jokatuko du 2022-2023ko denboraldiko lehenengo partida, igandean, 17:30ean. Imanol Alguacilen taldea Merquelanz eta Oiartzabal gabe iritsiko da ligako lehenengo jardunaldira, baina txapelketa hiru puntu lortuz hasten saiatuko dira txuri-urdinak.