Galtzen diren haurrak identifikatzeko eskumuturrak banatuko dituzte
Donostiako Udaltzaingoak haurrentzako 1.000 eskumutur banatuko ditu udaletxean, Zurriolan eta Cervantes plazan dituzten furgonetetan eta Bulebarrean gauetan jarri ohi duten furgonetan, doan. “Aste Nagusiak jende andana pilatzen du kalean, eta sarri gertatzen dira galdutako haurrak aurkitzea. Hori ez gertatzeko, Udaltzaingoak, prebentzio gisa, eskumuturrak banatuko ditu”, azaldu du udalak. Haurren izen-abizenak eta gurasoen edo pertsona identifikatzailearen telefono mugikorreko zenbakia jartzeko espazioa dute eskumuturrek, norbaitek galdutako haurren bat aurkituz gero, eskumuturreko telefonora deitu ahal izateko.
“Sistema honekin, gurasoek segurtasun handiagoa izango dute. Izan ere jende asko dagoen lekuetan haurra galtzen bazaie errazago identifikatu ahal izango da”, nabarmendu du Martin Ibabe Hiri Segurtasuneko zinegotziak.