"Aurten jende gehiago egongo da. Jendea festarako gogotsu dago berriro ere"
Union Artesana Elkarteak 'Artillero' abestuko du Aste Nagusiaren Kanoikadan. Felix Martinez presidenteak eta Iñaki Lizartza Zuzendaritzako Batzordeko kideak eguna nola izango den errepasatu dute. Beraientzat Artilleroa abestea ohore bat da, baina erantzukizuna ere bai.
Aurten ‘Artillero’ abestuko duzue, zer esan nahi du horrek Union Artesanarentzat?
Iñaki Lizartza (I.L.): Ba ohore bat. Orain dela bi urte deitu ziguten, baina pandemiarengatik festak ez ziren egin eta aurten berriro deitu digute, eta guretzako ohore bat da.
Felix Martinez (F.M.): Ohore bat, baina este alde batetik erantzukizuna ere. Azkenean, letrak esaten duen bezala, “Artillero, dale fuego” dena botatzeko da, batez ere jaietarako gauza onak botatzeko. Ilusioa dugu, ohore bat da, errespetu handia diogu eta ondo pasatzeko gogoa dugu.
Zuen historian ‘Artillero’ abesten duzuen lehenengo aldia da ezta?
I.L.: Lehenengo aldia da. Udaletxeak urtero egiten duen bezala kanoikada Gastronomikak botatzen du eta gero talde bat gonbidatzen dute Artillero abesteko. Gure historian aurten lehenengo aldia da.
F.M.: Bai, gure kasuan lehenengo aldia da.
Gogotsu egongo zarete, ezta?
I.L.: Bai, ilusio askorekin gaude.
Orain dela bi urte zuen 150.urteurrena izan zen eta aurten urteurren hori ospatzen ari zarete. Aurten ez da San Sebastian egunik egon, hortaz, garrantzitsua izango da Elkartearentzat aurtengo Aste Nagusiari harrera egitea.
F.M.: Kontuan hartu behar dugu bi urte egon garela ezer ospatu gabe. Kopa bat irabazi genuen (Realak 2021eko apirilaren 3an irabazi zuen Errege Kopa) eta ezin izan genuen ospatu murrizketengatik eta hori oso garrantzitsua da. Bi urte ditugu ospatzeko, ez bakarrik Elkartearen 150. urteurrena, bakoitzak bere gauza pertsonalak edo familiarrak ditu eta Donostiak hiri bezala ere berdin.
I.L.: Gainera aurten urtarrilean disgustu bat izan genuen, hasiera batean danborradak atera behar zuen eta azkeneko momentuan ezetz esan ziguten eta triste gelditu ginen. Gainera aurten ez dugu Aste Nagusia irekitzen soilik, itxi ere egiten dugu.
Lehen aipatu duzue orain dela bi urte izan zenutela Kanoikadan parte hartzeko proposamena, aurten noiz izan zenuten parte hartzearen berri?
F.M.: Apirilean edo deitu ziguten. Beraiek egitaraua ixteko epe batzuk dituzte eta galdetu ziguten ea aurten Artillero eta Agur Asteari egingo genuen ala ez eta baietz esan genuen. Apirilean izan zen gutxi gorabehera Aste Santua bukatu ondoren.
Pandemia osteko lehen kanoikadak dira, espero duzue Alderdi Eder beti bezala egotea ala jendeak oraindik beldurra izan dezake?
I.L.: Nik uste dut aurten jende gehiago egongo dela. Jendea festarako gogotsu dago berriro ere, kalera ateratzeko, festetan ateratzeko eta horregatik nik uste dut beste urtetan baino jende gehiago egongo dela.
Aste Nagusi bukaera emateko Agur Asteari egingo duzuela esan duzue, danborrekin kaleetara aterako zarete?
I.L.: Bai, danborrarekin aterako gara. Aste Nagusiak berez ez du itxierarik eta azken bospasei urteetan saiatzen ari gara itxiera hori ematen eta hirian itxiera hori barneratu nahi dugu. Arratsaldeko 18:00etatik 20:30etara edo 21:00etara ateratzen gara eta 20.00etan Konstituzio plazan itxieraren ekitaldia egiten dugu. Hirian ohitura hau barneratu nahi dugu, Aste Nagusiari benetako itxiera bat eman nahi diogu.
F.M.: Hori ez da egun batetik bestera egiten, ez da inposatzen.
Danborradako abestiak jotzen dituzue?
I.L.: Batzuk bai eta beste batzuk ez. Gainera hori aldatu nahi dugu, espero dugu hemendik urte batzuetara egun horretan danborradako ezer ez jotzea eta pieza propioak edukitzea. Hemengo bazkide batek txaranga bat dauka eta horrek sortzen dizkigu abestiak.
F.M.: Abesti bat badaukagu, Agur Asteari deitzen dena, Andoni Egañak eta Xabier Zabalak egin zutena.
Datorren urteko danborrada prestatzen ari zarete jada?
I.L.: Hori beranduago egingo dugu, lehenengo goazen Aste Nagusia bukatzea eta oporrak hartzea. Eta bueltan hasiko gara.
F.M.: Hori azaro inguruan ikusiko dugu.