"Su artifizialen ikuskizunen falta nabaritzen nuen"
Askorentzat, su artifizialak dira Donostiako Aste Nagusiko elementurik garrantzitsuena, bereziena eta gustukoena, eta, zalantzarik gabe, jarduera arrakastatsuenetariko bat dira. Hiru urte pasatu dira Donostiako azken Aste Nagusia ospatu zenetik, baina bueltan dira jaiak, eta horrekin batera su artifizialen lehiaketa. Astondoa Piroteknia enpresako arduradun Izaskun Astondoa (Bilbo, Bizkaia, 1962) lehiaketako epaimahaikide da duela ia hogei urte, eta aurtengo su artifizialez zer espero duen kontatu du.
Hiru urteren ondoren, bueltan da Donostiako Aste Nagusia eta bueltan dira su artifizial arrakastatsuak. Gogoz zaude? Zer espero duzu?
Gogo handia, bai. Oso luzeak izan dira pandemiaren bi urteak, eta su artifizialen ikuskizunen falta nabaritzen nuen. 2020an gauzatu ezin izan zen egitaraua errespetatu du Donostiak, eta ikuskizun onak izango ditugula uste dut. Nazioartekotasunak betaurrekoak aldatzera eta aniztasunaz gozatzera behartzen ditu ikusleak. Diseinatzaile frantses batek eta italiar batek modu desberdinean ulertzen eta diseinatzen baitute ikuskizuna.
Pandemiaren ondoren, jendea su artifizialez eta orokorrean jaiez gozatzeko gogoz dagoela uste duzu?
Baietz esango nuke. Iruñean egon nintzen eta datu hori egiaztatu ahal izan nuen. Kaleak jendez beteta zeuden, eta suak piztu zirenean, jende asko bildu zen Ziudadelaren inguruan.
Zerbait berezia espero duzu 2022ko Aste Nagusiko su artifizialez?
Egia esan, Ukrainako enpresarekiko jakin-min berezia dudan arren, aurten lehiatzen diren enpresa guztiekin ikusmin handia dut. Bi urteko ikusezintasuna izan da, baina ez jarduerarik eza. Industria hori etengabe ari da berritzen, bai produktuari dagokionez, bai ikuskizunen diseinuari dagokionez
Valecea enpresa arabarrak irekiko du Aste Nagusia. Zer espero dezakegu arabarrengandik?
Ez da Donostian parte hartzen duten lehen aldia. 100 urtetik gorako enpresa da, baina talde gaztea du, zapore ona uzteko gogoz etorriko dena. Denok dakigu entzuleen pertzepzioan lehen egunak eragin berezia duela, eta hori desagertuz doa astea aurrera joan ahala.
Ukrainako enpresa batenak izango dira bigarren eguneko su artifizialak. Esanguratsua da gerrarengatik eta Donostian debuta egingo dutelako. Zer espero duzu?
Lehen esan dudan moduan, Donostiak 2020an gauzatu ezin izan zuen egutegia errespetatu du. Miresgarria da, bere herrialdeko egoera gorabehera, enpresak Donostian ikuskizun bat eskaintzea eta duela bi urte hartutako konpromisoa betetzea erabaki izana. Diseinu desberdina eta koloretsua espero dut.
Debuta egingo duen beste enpresa bat Erresuma Batuko Fully Fused da. Nolakoak izango dira?
Fully Fuseden ikuskizunak ikusi ditut. Produktu ona erabiltzen dute eta sormena barra-barra dute diseinuarekin, espazioetara egokituz. Ikuskizun ona ikusiko dugu.
Gainontzekoetatik, zer nabarmenduko zenuke egun bakoitzean?
Kanariak, Valentzia eta Italia. Suposatzen dut San Miguel, Marti eta Turis piroteknia enpresekk soinu indar handiko ikuskizunak eskainiko dituztela, serie onekin eta kolore efektuekin konbinatuta. Italiako suak ere sonoritate handia du, baina desberdina da erritmoei eta denborei dagokienez. Ez dut zalantzarik, ikuskizun onak ikusiko ditugu.
Hilaren 20ko piroteknia eta musika ikuskizunari dagokionez, Vulcanok koreografia batekin joko du. Soinu bandak keinu asko egiten dizkie Euskadiri eta emakumeari. Inork galdu behar ez lukeen ikuskizuna.
Nolakoak izan dira pandemiaren urte hauek pirotekniaren munduarentzat?
Oso gogorrak. 2008ko krisitik irtenda ere, pandemia dator, eta bat-batean masa jende pilaketak dituzten ekitaldiak gelditu egiten dira. Industria horrek, Europan behintzat, asko sufritu du eta sufritzen jarraitzen du. Enpresek ezin izan dute fakturaziorik egin eta lantaldeak murriztu behar izan dituzte. Aditu pirotekniko horietako batzuk ez dira itzuliko eta enpresak langile kualifikaturik gabe daude. Birjartzearen kostua handia da. Taldeen prestakuntza ez da egun batetik bestera lortzen. Kostatuko da pandemia aurreko egoerara itzultzea. Lehengaien, garraioaren eta abarren prezioen igoerak ez du laguntzen aurrekontuak egokitzen.
Errekuperatzen ari zarete?
Pixkanaka-pixkanaka.