"Ez nau inork jo, beraz, pozik nago"
Donostiako Piratek 20 urte bete dituzten honetan, abesti berria plazaratu dute: Physis Versus Nomos talde donostiarraren 'Aurtzaka goaz'. Beñat Antxustegi (Barakaldo, Bizkaia, 1989) da taldeko burua eta abestiaren sortzailea, eta pozik agertu da emaitzarekin.
Nola jaso zenuen Donostiako Piraten 20. urteurreneko abestia egiteko proposamena?
Piratek proposatu zigutenean, hasieratik ideia ona iruditu zitzaigun, eta lanean hasi ginen. Musika egiten hasi nintzen, eta behin hori neukanean, letra lantzen hasi nintzen. Letrarekin, nik ideia batzuk banituen, baina fintzeko, laguntza eskatu nion Markel Ormazabali [Donostiako Piraten mugimenduan sorreratik ibilitakoa, egun EH Bilduko zinegotzia], ea zer esan, zer ez esan, eta abar. Enekok [Sierra, Physis Versus Nomoseko kidea] ere lagundu zidan, eta, azkenean, lokalera eraman genuen abestia, eta lokalean eman genion flow guztia.
Beraz, letra Ormazabalekin eta Sierrarekin batera findu zenuen.
Bai. Nik hasieratik nuen ideia zen nolabait omenaldi bat egitea urteotan zehar Donostiako Piratetan parte hartu duen jende guztiari. Letra bat idazten nuen, hauei bidaltzen nien, finduko lituzketen alderdiak esaten zizkidaten, horiek fintzen nituen, eta abar. Nik idatzi dut dena, baina euren gomendioak jaso ditut. Era berean, Piraten aurreko kantetako mezuak sartzen saiatu naiz, lotura bat izateko.
Emaitzarekin pozik zaude?
Oso pozik, bai. Segur aski, denbora gehiagorekin grabatu ahal izan bagenu, beste modu batera egingo genukeen, baina atera denarekin pozik nago, bai.
Jendeari gustatzen ari zaio?
Denetarik dago: batzuei gustatu zaie, beste batzuei gutxiago… Baina bueno, orokorrean nahiko kritika onak jaso ditugu. Horrelako enkargu bat jasotzen duzunean beti gertatzen da gauza bera: batzuei gustatzen zaie eta beste batzuei ez. Ez nau inork jo, pozik nago beraz [barrez].
Aldaketa nabarmena dago Skakeitanek egin zuen Piraten abestitik honetara.
Skakeitan oro har oso musika alaia egiten duen talde bat da, eta gu ez gara munduko musikarik alaiena egiten duen talde bat. Nahiko abesti intimistak edo lasaiak egiten ditugu orokorrean, nahiz eta badagoen abesti alaiagoren bat; orain arte, segur aski, Ahuen xuxurlatuak izango zen gure kantarik alaiena. Piraten abestiarekin ere zerbait alaia egiteko egin dugu lan. Guretzat bitxia da, noski; agian, Skakeitanekoarekin alderatzen duzu, eta esaten duzu, ‘zer motela!’. Niri dantzagarria iruditzen zait, baina beste adin baterako; guk erritmo puretilla deitzen diogu [barrez].
Skakeitanen kantak sekulako indarra izan du Donostian, eta jendeak hori zuen buruan. Baina duela hogei urte egin zen kanta gure baino are lasaiagoa da. Izan ere, kolore desberdinetako kantak egon behar dira, ezin dira denak berdinak izan.
Kanta egiteko garaian, orain arrakasta handiagoa duten estiloetan egiteko tentazioa egin dezakezu, trap bat egitekoa, adibidez. Baina ez, guk zerbait melodikoa egin dugu, abesteko alaia. Ahal duguna egin dugu, eta pozik gaude.
Donostiako Piraten 20. urteurreneko kanta egitea berezia izan da?
Bai, noski. 20. urteurrena berezia da, eta niretzat ohorea izan da kanta hori egitea.
Piratetan sartuta ibili zara aurretik?
Antolaketan ez, baina oso festazalea ez banaiz ere, parrandan hortik ibili izan gara beti, eta abordatzean ere parte hartzen genuen lehen. Bestalde, ia urtero jo izan dut; Bi Zaldirekin, eta abar.
Aurten Physis Versus Nomosekin joko duzu, noski.
Bai, igandean joko dugu, 21:30ean. Pixka bat goiz, baina bueno, ondo, gogoz gaude.
Ezustekoren bat egongo da kontzertuan?
Saiatuko gara kanta jotzen, Piraten kanta. Horixe da gure ezustekoa.