Gizon bat atxilotu dute Donostian, bere bikotekidea labankadaz erasotzea leporatuta
Ertzaintzak 26 urteko gizon bat atxilotu du igande goizeko zazpiak aldera Donostian, bere bikotekidea arma zuri batekin erasotzea leporatuta, Segurtasun Sailak jakinarazi duenez. Emakumea ospitalera eraman behar izan dute, “larri zaurituta”, Segurtasun Sailaren hitzetan.
07:00ak aldera, Ertzaintzak abisu bat jaso du, Amarako etxebizitza batean (ez dute zehaztu Amara Berrin edo Amaran izan den) zerbait gertatzen ari zelako. Hainbat patruila joan dira hara, eta emakume bat zaurituta aurkitu dute, bizkarrean eta lepoan zituen zaurietatik odola zeriola. Etxebizitzan gizon bat zegoen, ustezko erasotzailea, eta berak ere ebaki batzuk zituen beso batean. Anbulantzia heldu den arte, han bertan artatu dituzte ertzainek, bereziki emakumea, bere zaurien larritasunarengatik. Jarraian, biktima Donostia Ospitalera eraman dute.
Gizona, aldiz, atxilotu egin dute, genero indarkeriaren delitu bat leporatuta. Era berean, osasun zentro batean artatu dute. Aipatu etxebizitzan ustez gizonak emakumea erasotzeko erabili duen labana aurkitu dute ertzainek. Gertatutakoa ikertzen ari da Ertzaintza.
Honekin, sei dira dagoeneko Aste Nagusiko lehenengo egunaren ostean publiko egin diren eraso matxistak. Izan ere, udalak goizean jakinarazi du Ertzaintza eta Udaltzaingoa lau ziztada kasu ikertzen ari direla, eta gizon bat atxilotu dutela goizeko lauak aldera, emakume bati ukituak egiteagatik.