Parte Zaharra kalejiran, geldialdiz geldialdi eta bertsoz bertso ezagutzen
Donostiako Parte Zaharra hobeto ezagutzeko aukera izan dute igande eguerdian Bagera elkarteak Aste Nagusi Pirataren barruan antolatutako bisita gidatu berezian parte hartu duten 30 bat lagunek.
12:00ak aldera abiatu dira Flamenka gunetik, Ainhoa Bengoetxea trikitilariaren eta Oritz Barrenetxea panderojolearen erritmora, kalejiran. Horrela, hainbat geldialdi egin dituzte Parte Zaharretik eta ingurutik, eta geldialdi bakoitzean lekuaren inguruko bertso bana bota dute Asier Ibarguren eta Iker Ormazabal bertsolariek. Udaletxean egin dute lehenengo geldialdia, Herri Irratiak Garibai kalean zuen egoitzan bigarrena, Viktoria Eugenia antzokian hirugarrena, Antzoki Zaharrean laugarrena, Flamenkan bosgarrena, Konstituzio plazan seigarrena, Orixe ikastetxean zazpigarrena, Mikel Laboak San Juan kalean duen plakaren azpian zortzigarrena eta Bretxaren eta Sarriegi plazaren artean azkena.
Kaian pixka bat gehiago luzatu dira eta bertsoen bidez elkarri adarra jotzen aritu dira, eta azken geldialdian, agurra ere egin dute. Jarraian, bisita gidatuaren bideoa ikus dezakezue, bertso guztiekin: