Aste Nagusi Pirata feminismotik gozatuz
Sardiñera kofradiak Parte Zaharreko kaleak alaitu ditu gaur goizean, Aste Nagusi Pirata Feminismotik gozatuz. 12:30etan Kaimingaintxo plazan, Flamenka guneraren ondoan, Bertso Poteoa antolatu dute Amaia Iturrioz Etxaniz, Ohiana Arana Cardenal, Maddi Aiestaran Iparagirre eta Maider Arregi Markuleta bertsolariekin batera. Sardiñerek egin duten ibilbidea honako hau izan da: Kaimingaintxo plazatik, Abuztuaren 31 kalera abiatu dira, ondoren San Juan kalera joan dira, azken aurreneko parada San Lorenzo kalea izan da eta Ikatz kaleko Aurresku tabernan amaitu dute Bertso Poteoa. Makina bat gai jorratu dituzte bertsolariek bi ordu iraun duen ekitaldian, adibidez, bikote ohiak, damuak edo guraso eta seme-alaben arteko eztabaidak gauean zein kontzertura joan behar den erabakitzeko.
Dibertigarria izan da San Juan kalean bertsolariek jolastu duten bertso-jolasa. Narratzaileak bertsolari bati eta gainontzeko ikus-entzuleei objektu edo pertsona baten izena erakutsi die eta beste bertsolariak izen hori zein zen asmatu behar izan du beste bertsolariarekin bertso solasaldi bat zuen bitartean. Izena asmatzen zenean, ikus-entzuleek txalo egin behar zuten eta Rosalia, Ana Urrutia edo Sardiñerak bezalako izenak atera dira. Esan beharra dago parte-hartzaileek ezin izan dituztela denak asmatu, batzuk nahiko zailak baitziren. Beste une dibertigarri bat Ikatz kalean izan da, ekitaldia amaitzear zegoenean. Bi bertsolarik Sardiñera edo Kantauri kofradia nahiago zuten erabaki behar zuten eta jendearen algarak entzun izan dira kantatu dituzten bertsoekin. Turista ugari gerturatu izan dira ekitaldia harrituta ikusten, eta horietako batzuk galdezka egon dira, ekitaldia zeri buruz zen jakiteko.
Ikatz kalean, Aurresku tabernaren kanpoan, ekitaldia amaitu da, arazo tekniko batzuekin. Mikrofonoek gaizki funtzionatu dute eta lau bertsolariek ozen abestu behar izan dituzte azkeneko bertsoak. Ekitaldia argazki batekin bukatu da, Sardiñera kofradiako kideekin eta bertsolariekin batera. Ondoren, Flamenka gunean Señora bazkaria izan dute. Hasi baino lehen Rosaliaren abesti batzuk dantzatu dituzte eta gero paella izan dute bazkaltzeko. Sagardoak, ardo botilak eta garagardoa ikusi dira eta giro onarekin pasa dute eguerdia. Arratsaldean Bolingoa eta Alargun Beltzen kontzertua izan dute eta gauean DJ Miau eta Lagunak egongo dira Flamenka gunean giroa alaitzen.