Aitor Ikastolako eta Arantzazuko Ama ikastetxeko patioak eraberrituko dituzte
Donostiako Udalak Egiako Aitor Ikastolako Konkorrenea kaleko zentroko eta Martuteneko Arantzazuko Ama ikastetxeko patioak eraberrituko ditu, “haurrek jolasteko modu desberdinak eta aukera gehiago izan ditzaten”, Eneko Goia alkateak Tokiko Gobernu Batzordearen osteko prentsaurrekoan azaldu duenez.
Patioak inklusiboagoak izatea dute helburu Tokiko Gobernu Batzordeak onartu dituen proiektuek, alkateak azaldu duenez: “Jolastokiak eraldatzea, jarduerak eta espazioen banaketak harreman parekideagoak izatea eta era bidezkoagoan erabiltzea ahalbidetuko duten jolas eremu egokiagoak lortzea”. Aurretik ere antzeko proiektuak garatu dituzte hiriko beste ikastetxe batzuetan, eta “harrera ona” izan dutela nabarmendu du alkateak.
Bi proiektuak parte hartze prozesuen bidez garatu dituzte, haurren parte hartzearekin, besteak beste. 96.667 euroko aurrekontua dute proiektuek (48.347 eurokoa Aitor Ikastolakoak eta 48.320 eurokoa Arantzazuko Amakoak), eta proiektuen %90a Eusko Jaurlaritzak finantzatuko du; udalak jarriko du beste %10a.