Arkaitzerrekako urarekin hazitako barazkiak eraman dizkiete aldundiko agintariei
Zubietako Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak ekintza bitxia egin du astearte eguerdian Donostian, erraustegian gertatzen denaren inguruko gardentasun falta salatzeko eta erraustegia Arkaitzerreka errekastoan sortzen ari den kutsadura salatzeko.
Hain zuzen ere, Arkaitzerrekako urarekin barazkiak hazten aritu dira, eta Gipuzkoako Foru Aldundira eraman dituzte, “isilik egon diren agintariei oparitzeko”. Ordea, ez diete utzi barazkiak aldundiaren egoitzaren barruan uzten: “Ez dituzte hartu nahi izan. Esker txarrekoak! Zer gertatu zen Arkaitzerrekan?“.
Gipuzkoako foru aldundira eraman ditugu Arkaitzerrekako urarekin "ondutako" barazkiak, isilik egon diren agintariei oparitzeko asmoz. Ez dituzte hartu nahi izan. Esker txarrekoak!
— Erraustegiaren A.M. (@ErrausAurkMugi) August 16, 2022
Zer gertatu zen Arkaitzerrekan?
…
Gipuzkoak bestelako hondakin politika merezi du!
🏭🏭EZ!! pic.twitter.com/v4kJ2PdQrd
Gogoratu behar da Arkaitzerrekan, Zubietako erraustegiaren ondoko errekastoan, isurketa toxikoak agertu zirela uztailean, errekastoa erraustegitik ateratzen den zonan. Kutsadura hori gutxienez bi astez egon zen Arkaitzerrekan. Ez da Arkaitzerrekak jasan duen isurketa toxiko bakarra, 2020an amoniakoa isuri baitzuten eta ehunka arrain hilda agertu ziren.