Goi mailako taldeek hartuko dute parte 27. Egiako Nazioarteko Eskubaloi Txapelketan
27. Egiako Nazioarteko Eskubaloi Txapelketa aurkeztu dute astearte goizean Donostiako Udaletxean. Hilaren 18tik 26ra egingo dute Egiako kiroldegian, eta talde hauek neurtuko dira: Bidasoa, Logroño eta Limoges Handball gizonezkoetan eta Beti Onak eta Bera Bera emakumezkoetan. Horrez gain, Egiako emakumezkoen eta gizonezkoen lehen taldeak aurkeztuko dituzte, bi taldeek Zarautzen aurka jokatuko dituzten neurketetan.
Egia klubeko ordezkariek aurkezpenean azaldu dutenez, “gaizki-ulertu baten ondorioz”, azken urteotan ez bezala, aurten ez du Anaitasunak parte hartuko gizonezkoen txapelketan. Izan ere, hasiera batean baiezkoa eman bazuen ere, beste txapelketa batean parte hartzeko konpromisoa ere hartu zuen taldeak. Horrela ere, etorkizunean Anaitasunarekin harremanetan jarraitzeko asmoa agertu dute Egiakoek.
Hori dela eta, gizonezkoen txapelketa hiru talderen artekoa izango da aurten: Bidasoa eta Logroño neurtuko dira hilaren 18an, Logroño eta Limoges Handball 19an eta Bidasoa eta Limoges Handball 20an. Horrez gain, Egiako mutilek Zarautzen aurka jokatuko dute 26an. Emakumezkoetan, Bera Bera eta Beti Onak hilaren 24an neurtuko dira, eta Egiako neskek 26an jokatuko dute Zarautzen aurka. Norgehiagokak ikustera joateko sarrerek 7 euroko prezioa izango dute, eta sarrera doakoa izango da Egiako bazkideentzat; era berean, Egiako bi taldeen neurketak doakoak izango dira.
Aurkezpenean, Egia klubeko ordezkariek txapelketa antolatzeko izan duten zailtasuna mahaigaineratu dute: “Donostia hiri turistikoa da, bereziki abuztuan, eta beraz, alojamenduen prezioak oso altuak dira. Horrez asko zailtzen digu txapelketaren goi maila mantentzea, kanpoko taldeak ekartzea asko garestitzen baita”. Ildo horretatik, hausnarketarako deia egin diete bertan zeuden erakundeei, Donostiako Udalari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari. Hain zuzen ere, Eneko Goia alkateak adierazi du “ondo ezagutzen” duela arazo hori, udalak ere antzeko zailtasunak izaten dituelako “Jazzaldiko eta Musika Hamabostaldiko artistak ekartzerakoan”, besteak beste. Horrela, “laguntzeko prest” agertu da.
Era berean, alkateak Egiaren moduko kluben lana goraipatu du: “Zuen lanarengatik izango ez balitz, Bidasoaren eta Bera Beraren moduko taldeak ez lirateke egun direna izango”.