Nola sortu zen Ezkila kapitaina?
Gasteizen Zeledon eta Bilbon Marijaia dauzkaten moduan, Aste Nagusi Piratak bere pertsonaia propioak ditu, gaur egun jaien ikur handienak direnak: Ezkila kapitaina eta Matti. Biek botatzen dute urtero txupinazoa, eta Aste Nagusi Pirateko jarduera ugaritan presente egoten dira. Donostiako Piratetan pentsatzerakoan, pirata orori irudi bat datorkio burura: Ezkila kapitainarena. Ordea, ba al dakizue nola sortu zen pertsonaia?
2003ko lehenengo abordatze hartatik aurrera, mugimendua indartzen joan zen, lehenengo urteetan antolatu zituzten abordatzeen, bazkarien, kontzertuen eta jolasen bidez. Horregatik, 2007ko Aste Nagusian, Aste Nagusi Pirataren bosgarren urteurrena heltzear zenean, mugimenduari forma eta izaera gehiago eman behar ziotela erabaki zuten Piratek, urte haietan mugimenduan zebilen Joseba Parron San Sebastianek, IRUTXULOKO HITZA-ren egungo argazkilariak, hedabide honi azaldu dionez.
Horrela, gainontzeko jaiek euren pertsonaia propioak zituztela ikusita, pertsonaia sortzeko lehiaketa abiatu zuen mugimenduak. Parronek gogoratu duenez, aurkeztu ziren diseinu guztiak filmetako eta komikietako ohiko piraten itxura zuten: gizon indartsuak, bizardunak, ezpata eskuan zutenak, eta abar. Piratek, ordea, ez zuten itxura hori eman nahi, eta beste lehiaketa bat antolatu zuten. Parron ez zen lehenengoan aurkeztu, baina bigarrenean bai, eta hain zuzen ere, berak irabazi zuen, berak aurkeztu baitzuen Ezkila kapitainaren diseinua.
“Hasieran, nahiko tetrikoa zen, garezur baten moduko aurpegia zuelako, eta abar”, aitortu du Parronek, baina diseinua pixka bat findu ostean, gaur egunera arte iritsi da Ezkila kapitaina, jai herrikoien aldeko lana gidatzen. Izenari dagokionez, XVI. mendeko Pedro de Agirre kortsario donostiarrean oinarrituta jarri zioten; kortsarioa Campanario ezizenez zen ezaguna, eta ezizen hori euskaratuz jarri zioten izena pertsonaiari. Jaiak gidatzeaz eta askotariko mugimenduaren askotariko mugarriak lehen lerrotik bizi ostean, Ezkila kapitainak hedabide honek Piraten 20. urteurrenaren harira egindako gehigarriaren azala protagonizatu du; azalak, bide batez, making of dibertigarria izan zuen.