Sei erasotzaile kanporatu dituzte egunotan Piraten jai gunetik
Donostiako Piratek "zentzuz eta zuhurtziaz" jokatzera deitu dituzte herritarrak.
Donostiako Piratek jakinarazi dute Aste Nagusi Pirata hasi zenetik, “hainbat eraso direla eta” sei pertsona kanporatu behar izan dituztela euren jai gunetik, eta pertsona batek ziztada bat ere salatu zuela. “Ez dugu baboseorik, ez ukiturik, ez irainik eta ez jarrera zapaltzailerik onartuko, eta badugu erasotzaileentzako mezua: aurrean izango gaituzue!”, nabarmendu dute.
Era berean, herritarrak “zentzuz eta zuhurtziaz jokatzera” deitu dituzte. “Asteak daramazkigu Euskal Herrian zehar udako jaietan gertatzen ari diren erasoen berriak jasotzen. Baina, adi ibil gaitezen, ez gaitezen beldurraren zurrunbiloan erori. Donostiako Aste Nagusia hasi zenetik, osasun arazoengatik ere anbulantziak artatu ditu hainbat pertsona, eta tentuz ibili behar dugu artatze denak zaku berean ez sartzeko. Egoerari duen dimentsioa ematen saiatu behar gara, baina alarma sozialean erori gabe”, azaldu dute.
Ildo beretik, “zurrumurruak ez hauspotzeko” eskatu diete herritarrei: “Ez gaitezen izan morboaren eta txutxu-mutxuen konplize. Zaindu dezagun erasoak jasaten dituztenen intimitatea, eta, aldi berean, errespetatu dezagun eraso hauen aurrean erantzuna ematen ari garen kideon lana”. Autodefentsa feministaz erantzungo dutela nabarmendu dute: “Horrek jai gunean erasoak salatzeko gune bat izatea esan nahi du, Bulebarrean artatze gunea dagoela esan nahi du eta protokolo feminista bat inplikatzen du”.
Auzolan feminista
Auzolana da Donostiako Piraten izaeraren oinarria, eta horretan ari dira ere lantalde feministan: “Aurten, jai guneko giro ona sustatzen ari diren kuadrillak ere baditugu. Amesten ditugun jaiak denon artean soilik lortuko baititugu”. Horretan ari direla nabarmendu dute, baita “harrerarekin pozik” daudela ere: “Guztiok zoriontzeko ere hartuko dugu tarte hau”, gehitu dute.
Horrela, gogorarazi dute hilaren 20an Salaketa Eguna antolatu dutela, eta manifestazioan abiatuko direla Flamenkatik 19:30ean, “eraso hauek guztiak salatzeko”. Era berean, pirata feminista guztiak kaiko Puntu Moreko besoko moreak hartzera deitu dituzte.
“Indarkeria sexista, transmaribollo eta arrazistaren aurrean ahotsa altxatu nahi dugu, beste behin, jai hauek denontzako izan beharn direla esateko. Ez gara hori esateaz aspertuko, eta beldurrak ez gaitu geldiaraziko. Egiten dugun honetan sinisten dugulako, eta jai herrikoiak, euskaldunak eta feministak nahi ditugulako. Beldurraren aurrean jaiak, elkar zaintza, poza, elkartasuna, dantza eta feminismoa”, aldarrikatu dute.