Donostiako Piratekin "oso elkarlan ona" izan dutela nabarmendu du Goiak
Donostiako Aste Nagusiaren erdia pasatu da, eta udalak Aste Nagusiko ohiko gosaria antolatu du udaletxean, besteak beste, jaien orain arteko balantzea egiteko. Eneko Goia alkateak nabarmendu du “oso Aste Nagusia parte hartzailea” izaten ari dela, eta hiriak “gogo handiz” hartu dituela jaiak, pandemiak eragindako bi urteko etenaldiaren ostean: “Herritarrek hala adierazi dute, parte hartze oso altuekin egiten ari diren ekitaldi guzti-guztietan”.
Horrela ere, “puntu beltzak” ere izan direla deitoratu du alkateak, azken egunotan gertatutako eraso matxistei zein bestelakoek erreferentzia eginez. Izan ere, lehenengo gauean ziztada bidezko lau eraso matxistarengatik protokoloak aktibatu zituzten, eta ikerketa abiatu zuten Ertzaintzak eta Udaltzaingoak. Gau berean, gizon bat atxilotu zuten emakume bati ukituak egiteagatik, beste bat bere bikotekideari arma zuri batekin eraso egiteagatik (espetxeratu egin dute), beste bost borrokengatik eta beste bat polizia agenteei eraso egiteagatik. Bigarren gauean, adin txikiko mutil bat atxilotu zuten beste bati arma zuri batekin eraso egiteagatik, astelehen gauean mutil batek ziztada bat jaso izana salatu zuen eta protokoloa aktibatu zuten, eta ziztadak egiteagatik susmagarria den gizon bat kanporatu zuten astearte gauean Kursaaleko jai gunetik. Horrez gain, Donostiako Piratek asteartean jakinarazi zuten egunotan sei erasotzaile kanporatu behar izan dituztela jai gunetik eta ziztada bidezko eraso baten salaketa jaso dutela. “Espero dut Aste Nagusi hau giro eta umore onez amaitu ahal izatea, eta eman nahi ez ditugun albisteak eman gabe”, gehitu du Goiak.
Bestalde, Algortako Portu Zaharreko jaietan (Bizkaia) mugimendu feministaren eta Ertzaintzaren artean gertatzen ari diren liskarren harira, Donostiako Aste Nagusian halako zerbait gertatu den galdetu diote kazetariek Goiari. Alkateak, aldiz, nabarmendu du hirian kontrakoa gertatu dela: “Aste Nagusi honen harira, protokoloak eta sentsibilizazio kanpainak garatzeko garaian, oso elkarlan ona izan dugu Piratekin. Oso ona da hori, helburu bera baitaukagu Piratek eta guk”.
Gosaria, jai giroan
Hedabideen aurrean adierazpenak egin ostean, gosaria abiatu dute udal batzar aretoan, jai giro lasaiean. Bertan izan dira udal talde guztietako ordezkariak, Eusko Jaurlaritzakoak (Bingen Zupiria Kultura sailburua, esaterako), Gipuzkoako Foru Aldundikoak (adibidez, Harkaitz Millan Kultura eta Euskara diputatua) eta hiriko hainbat eragiletako ordezkariak. Besteak beste, Union Artesana elkarteko kideak eta Luis eta Onintza Mokoroa artilari nagusi ohia eta egungo artilari nagusia (Elias Arruabarrenarekin batera) izan dira.
Gosariaren hasieran ere hitza hartu du Goiak gonbidatu guztien aurrean, eta Aste Nagusia normaltasunez ospatzearekin pozik agertu da: “Poz handia ematen dit gaurko argazki hau ikusteak, azken bi urteotan ez dugulako aukerarik izan Aste Nagusiaz nahi genuen moduan gozatzeko eta ez gure artean gaur gauden moduan egoteko”.
Jarraian, gosarian egindako argazkien bilduma ikus dezakezue: