"Minbizia eta heriotza hitzak oso lotuta daude. Biak tabua dira gure gizartean"
Ane Labaka, Alaia Martin, Ohiana Iguaran eta Onintza Enbeita bertsolariak izango dira abuztuaren 18an, 18:00etan, Trinitate plazan, Iñurri elkarteak antolatu duen bertso saioan, minbiziaren tabuak desagerrarazteko eta minbiziaren gaia sozialki normalizatzeko.
Ez dakien norbaitentzat azaldu beharko bazenute, zer da Iñurri erakundea?
Julene Illarramendi (J.I.): Iñurri erakundea ikuspegi feminista eta eraldatzaile batetik minbiziari buruzko dibulgazioa, formazioa eta akonpainamendua eskaintzen duen elkarte bat da. Gaixotasunaren ikuspuntu zabalago bat eskaintzen du, gaia sozialki normalizatzeko eta minbiziaren inguruko mito eta tabuak desagerrarazteko.
Noiz sortu zenuten erakundea?
J.I.: Iñurri orain dela hiru urte sortu zen. Egia da oso modu esporadiko batean sortu zela. Nire ama minbiziarengatik hil zen orain dela lau urte eta nik zerbait sortzeko gogoa nuen, baina ez nekien oso ondo zer sortu nahi nuen. Orduan Instagram kontu bat egin nuen eta hor jarri nuen zerbait sortu nahi nuela eta norbait animatzen bazen nirekin bidea hau egin zezakeela. Nire herriko neska bat, Miren Cuerdo, nirekin harremanetan jarri zen, eta esan zidan gogoa zuela sozialki minbiziaren inguruan zerbait egiteko, eta poliki-poliki hasi ginen lanean. Hasieran ilustrazio txiki batekin hasi ginen, kamisetak saltzen, eta pixkanaka zabaltzen hasi da, hazten, eta egia da Iñurri nahigabe sortu dela, behar bat ikusten genuen eta nik behar hori oso identifikatua nuen, baina guretzat garrantzitsua den jendea gehitzen joan zaigu, eta Euskal Herrian horrelako elkarte baten falta zegoela ikusita, hazten joan gara.
Elenita Guinea (E.G.): Guk, gaixoek, adibidez, berehala erreferentzia moduan hartu genuen Iñurri. Nire kasuan, beste elkarte batera joan nintzen, bularreko minbiziaren gaia jarduten duen elkarte batera, baina konturatu nintzen Iñurrik freskotasun gehiago zuela, pertsonalki tratatzen gintuzten, eta besteetan zenbaki bat gehiago zara. Iñurriren filosofia beste bat zen, eta inguruan laguntzen gaudenek erreferentzia bezala hartu genuen eta izugarrizko esperientzia izaten ari da guretzat.
Minbizia mota guztiak dituzten pertsonekin lan egiten duzue?
J.I.: Hori da. Jendeak pentsatzen du bularreko minbizia dutenekin bakarrik egiten dugula lan. Egia da momentu honetan emakumeari eragindako gaitz garrantzitsu bat dela eta gehien hurbildu zaizkigun pertsonak bularreko minbizia dutenak direla eta horregatik fokua asko jarri dugu minbizia mota horretan. Baina libre gaude edozein motatako minbizia dutenei laguntzeko, orain metastasia duten emakume askorekin gabiltza lanean eta guk ere erreibindikatzen ditugu orain gure artean ez dauden pertsonak, adibidez, mingaineko minbiziarekin hil direnak.
Emakumeekin bakarrik lan egiten duzue?
J.I.: Ez. Hau denentzat da. Egia da ez zaigula oraindik gizonik hurbildu. Gizonak etortzen badira ongietorriak izango dira, baina oraingoz emakumeak bakarrik hurbildu zaizkigu. Komentatu nahi dudan beste gauza bat da ez zaizkigula soilik gaixoak hurbiltzen. Zaintzaileak eta familiako kideak ere etortzen dira, eta denak emakumeak dira.
Eta zergatik uste duzue gizonezkoak oraindik ez direla hurbildu?
E.G.: Oso fenomeno bitxia da. Nik uste dut horrek gizartea islatzen duela. Emakumeak animatuagoak gara gure arazoak kontatzeko momentuan.
J.I.: Erosketak egiten dituena, gure Instagrama begiratzen duena, emakumea da. Gizarte bezala lanketa bat egin beharko genuke. Gainera, nik uste dut, minbiziak beste aspektu guztiak bezala, emakumea gehiago zapaltzen duela, adibidez, bularreko minbizian bularra galtzeak edo burusoil gelditzeak eta horrek dakarren guztiak askoz ere gehiago eragiten dio emakume bati mutil bati baino.
Zergatik aukeratu zenuten Iñurri izena?
J.I.: Nire amak inurri batzuk zituen tatuatuta hankan. Eta nire ama bizirik egonda nire ahizpak eta biok gure lehen tatuajea egin nahi genuen amarekin, eta momentu horretan nire ama kimioarekin hasi zen berriro, eta ezin zuen tatuajerik egin. Eta nire ahizpak eta biok inurriak tatuatzea erabaki genuen. Azkenean inurriak txikiak dira, baina denon artean gauza handiak lortzen dituzte. Orduan, metafora moduko bat da.
E.G.: Banaka pauso txikiak egiten ditugu baina elkartzen garenean izugarrizko indarra dugu. Izena oso ondo dagoela uste dut.
Euskal Herriko leku askotan bertso saioak antolatu dituzue, zergatik erabaki duzue formatu hau erabiltzea?
J.I.: Hau ere beste kasualitate bat izan da. Ane Labaka lasartearra, bertsolaria da eta gure laguna da. Berak esan zigun nolabait lagundu nahi zigula, eta bertsoen bidez lagundu zezakeela. Egin genuen lehenengo saioa Dokan izan zen. Amaia Agirrerekin jarri ginen harremanetan, bertso saioetan oso garrantzitsua dena, eta pentsatzen hasi ginen Dokako ekitaldia nola antolatu. Behin nola egingo genuen erabakita, sarrerak atera genituen eta zazpi minutuan agortu egin ziren. Eta hor erabaki genuen bertso saioekin jarraitu behar genuela. Orain udalek eta guzti deitzen digute. Azkenean, gaietan, beraiek haien istorioak kontatzen dituzte eta jendeari iristen zaio. Guk parretik eta negarretik kontatu nahi dugu errealitate hau. Gai batzuk oso latzak dira, metastasia, dolua, agurra… baina gero ere beste gai batzuk daude. Adibidez, sexua, barre egiteko modu batean kontatzen dena. Orduan, ikusten genuen, bietatik izan behar zuela ekitaldi honek, negarretik bakarrik ezin direlako bi ordu aguantatu, eta barretik ezin delako errealitatea islatu.
E.G.: Jendea txundituta gelditu zen, gauza berria zen. Orain arte behintzat, egiten duguna da, guri benetan gertatzen zaizkigun gauzak azaldu eta bertsolariak gai horietan oinarritzen dira bertsoak kantatzeko. Anekdotak dira, islatzeko gure errealitatea zein den.
Gai guztiak minbizian oinarrituta daude?
E.G.: Minbizia hari bezala hartzen da, baina feminismoa, sexua, gorputz desberdinak, kapitalismoa, osasungintza ere jorratzen dira.
J.I.: Azkenean pertsonak gara eta Iñurrik hori erreibindikatzen du. Beste erakundeetan gaixo dagoena gaixo moduan hartzen da, eta pertsona da, eta pertsona horri gauza asko gertatzen zaizkio, gaixo dago eta horrek eraldatzen du, baina gaixotasunaz gain beste gauza batzuk ere gertatzen zaizkio bere egunerokoan, mundu guztiari bezala. Gainera, jendeak bertso saio hau terapia dela esaten digu, psikologoarengana joatea bezala dela. Ordubete horretan dena uzten dutela, eta jendeak gero gai honi buruz hitz egiten du, agian lehen hitz egiten ez zuenean. Horrela, gainera, ezagutzen gaituzte.
Tabuen kutxatik oholtzara da saioaren leloa, zeintzuk dira minbiziaren tabuak oraindik?
E.G.: Minbizia eta heriotza hitzak oso lotuta daude. Biak tabua dira gure gizartean. Iñurri saiatzen ari da bai heriotza eta bai gaixotasuna desmitifikatzen eta naturaltasun batekin hartzen. Gero eta gehiago hitz egin honi buruz, orduan eta naturalago hartuko dugu. Garbi dago hil egingo garela eta izugarrizko sufrimendua dela, eta gaixo gaudela, baina naturaltasunarekin hartu behar da. Orain dela gutxi ezagun bat hil egin zen, eta prentsan jarri zuten gaixotasun luze baten bitartez hil zela. Minbizia hitza oraindik tabua da. Gero beste tabu batzuk daude: sexua, ilea, bularra… Kalean gizon bat zeharo burusoil ikusten badugu ez gara harritzen, baina emakume bat burusoil ikusten badugu, buelta ematen dugu. Horregatik, egutegi bat egiten ari gara bularrak erakusten, zauriak… Ekitaldi hauekin agerian utzi nahi dugu minbiziaren normalizazio hori.
J.I.: Eta pena hori. Minbiziarekin pertsona bat ikusten dugunean pena sentitzen dugu, pena begiradarekin begiratzen dugu. Metastasiarekin hamar urte daraman emakume batek esaten digu ezin duela pena begirada horiekin, gaixotasunaren barruan ondo dagoela, pertsona dela eta erruki horretatik kanpo egon nahi duela. Badakigu gaixotasun hau oso latza dela eta izugarrizko sufrimendua dakarrela, horregatik diskurtso horretatik askoz haratago joan nahi dugu.
Ekitaldia solidarioa da, zertan datza?
J.I.: Guk ez dugu kobratzen Iñurrin egiten dugun lanagatik. Iñurrin sartzen den diru guztia proiektuak egiteko edo minbiziaren ikerkuntzarako doa. Normalean, udaletxeek diru kantitate bat eskatzen dute saioa ikusteko, baina guk Piratetan ez genuen hori egingo. Normalean sinbolikoki bost euro eskatzen ditugu, bertsolariek kobratzeko eta norbaitek gehiago eman nahi badigu ba ongi etorria izango da. Guk ere barne borroka bat dugu. Ez ditugu kamisetak hain garesti jarri nahi, baina dirua behar da dena donazio moduan emateko da. Guk jendea kontzientziatu nahi dugu. Badago jendea agian ekitaldi batera joaten ez dena 15 euro ez dituelako ordaindu nahi, eta guk kontzientziatu nahi ditugu azaltzen 15 euro horiek bertsolariei ordaintzeko direla, Iñurrin gauden guztiok doan egiten dugula lana, minbiziaren ikerkuntzarako dirua behar dela. Orain dela gutxi 4.000 euro lortu genituen, gutxi da, baina Iñurrirentzat asko da.
Trinitate plaza beteta egotea espero duzue?
E.G.: Bai. Euria iragarrita dago baina karpa bat egongo da , goxo-goxo egongo gara denak bertan. Jende asko espero dugu, festan inguruan dabilen gazte askok joango direla esan digute.
J.I.: Nik jende gaztea animatzea nahi dut. Normalean ekitaldietara datorren jendearen adinaren media altuagoa izaten da eta gazteak ere nahi ditugu. Saiatzen gara ordutegiak gazteen agendara egokitzen. Gazteek horrelako gauzak ere ikusi behar ditugulako eta merezi duelako.
Zer aurkituko dute ikus-entzuleek bertso saio horretan?
E.G.: Denetatik. Saio bakoitza desberdina da. Bestetan antzoki itxietan egin dugu eta proiekzio bat jartzen da, irudiekin eta murriztuagoak gaude honetan ere. Baina festa giroan denez, beste modu batera kontatuko dugu. Garbi utzi nahi dugu jendeak asko ikasiko duela
J.I.: Guk beti esaten dugu ezin dela kontatu, sentitu behar dela. Askotan galdetzen digute, zer da? Eta azaltzen saiatzen gara, baina gero ohartzen gara gauza asko ezin direla azaldu, niri orain oilo-ipurdia jartzen zait pentsatzean.