Tasa turistikoaren gaia berrartu behar dela uste du Goiak
Alkatearen adierazpenen harira, EH Bilduk ohar bat plazaratu du, Goiari eskatuz Donostiak "jasan dezakeen karga turistikoa denen artean zehazteko".
Eneko Goia alkatea tasa turistikoa ezartzearen alde agertu da berriki Onda Vasca irratian eskainitako elkarrizketa batean, eta hori berretsi du asteazken eguerdian, Aste Nagusiko ohiko gosarian gaiari buruz galdetuta: “Udalak ez dauka eskumena halako figura bat sortzeko, argi dago. Are gehiago, zalantzagarria da aldundiak ere sortu ahal izatea. Segur aski, Eusko Legebiltzarrak sortu beharko luke. Beste kontu bat da behin figura sortuta udalek kudeatzea, eta hain zuzen, hori eskatzen dugu guk. 2019an norabide horretan ari ginen lanean, baina pandemiarekin dena geldiarazi zen. Orain, normaltasunera itzultzen ari garela, gaia berrartu behar dela uste dut”.
Era berean, gaiari buruzko ohar bat plazaratu du EH Bilduk, eta dena “adierazpen hutsetan” geratzen dela salatu du: “Tasa turistikoarekin hotelei muga jartzearekin gertatzen den gauza bera gertatzen da, dena adierazpen hutsetan geratzen dela, gero ezertan zehazten ez direnak. Eta kasu honetan ere interes pribatuak dira ezarpena atzeratzen ari direnak. Nolanahi ere, EH Bilduk aktiboki hartuko du parte eztabaida honetan, tasa tresna egokia izan baitaiteke turismoak sortzen duen aberastasuna banatzeko eta jarduera honen itzulketa soziala lortzeko”.
Era berean, Donostiak “jasan dezakeen karga turistikoa denen artean zehazteko” eskatu dio alkateari, eta gogorarazi du une honetan 2017-2021 Turismo Plan Zuzentzailea eguneratzen ari direla: Udazkenean amaitzea aurreikusten den prozesua aukera berri bat da norabide egokian urratsak egiten hasteko. EH Bilduren ustez, benetan jasangarria den turismo eredua lortzeko, besteak beste, “karga turistikoa” eta gure hirira egokitutako beste adierazle batzuk behar bezala definitu behar dira, orain arte ez baita egin”.
Eustaten azken datuak ere gogora ekarri dituzte: “Donostiara iristen diren turisten kopuruak marka guztiak hautsiko ditu aurten: ekainera arte %10 handitu da 2019ko aldi berarekin alderatuta (pandemiak ez du uzten 2020ko eta 2021eko konparazioak egiten). Bestalde, Internet bidez iragartzen diren etxe turistikoak 1.876ra arte igo dira, udal gobernuak onartzen dituen 1.300etatik oso gainetik”. “Goiak datozen hilabete eta urteetan irekiko diren alojamendu turistiko berriei lizentziak ematen jarraitzen baitu: Matia kaleko 300 plazako hostel berria, Garibai kaleko 23. zenbakiko eraikina aparthotel bihurtuko da, Loiolako Erriberako 320 plazako Student hotel-a, Hilton hotela Arte Ederren eraikinean, Mariaren Bihotza eta Pio X.a Grosen, beste batzuk Mirakontxan, eta abar”, gaineratu dute. Ildo horretatik “hiriko hotel oldea” mugatzeko neurriak hartu behar direla uste dute EH Bildukoek, eta salatu du halako neurriak proposatu dituzten aldi guztietan baztertu egin dituela udal gobernuak.
Kanpaina abiatu dute
Horren guztiaren harira, EH Bilduk “kalera” eraman nahi du “turismo ereduaren jasangarritasunari buruzko eztabaida”: “Uda honetan Donostiako herritarrei galdetzen ari gatzaizkie ea Donostiako egungo turismo eredua benetan jasangarria den, bai eremu batzuen saturazioaren ikuspegitik, bai mugikortasunaren aldetik, baita klima aldaketaren aurkako borrokaren ikuspegitik ere. EH Bilduren azken helburua da denon artean gure hiriaren neurrira egindako turismo eredu berri bat eraikitzea”.