Asanblada Feministak Aste Nagusiko eraso matxistak salatu ditu Bulebarrean
Donostiako Asanblada Feministak Aste Nagusian izan diren eraso matxistak salatu ditu 19:00etan Bulebarrean. Ehunka pertsona bildu dira kioskoaren inguruan eta hogei minutuko isilunea egon da lau lagunek pankarta bat heltzen zuten bitartean. Pankartak Ez dugu inolako erasorik onartuko: Autodefentsa Feminista esaldia zuen eta haien atzean emakume eta gizon ugari egon dira kontzentrazioa babesten. Gora borroka feminista bezalako oihuak entzun dira kontzentrazioan zehar baina denbora gehiena isilik jardun dute. Donostiako Piratek agerraldi honi babesa eman die eta elkarretaratzeak iraun duen bitartean Flamenka gunea itxita gelditu da. Elkarretaratzea amaitu denean hitzaldi bat egin dute Asanblada feministako kideek. Bertan, Aste Nagusian zehar eman diren eraso matxistak gogora ekarri dituzte, adibidez, gizon batek emakume bati labanaz egin zion erasoa, edota azken egunetan zehar izan diren beste eraso mota batzuk: ukituak, ziztadak edo jarrera desegokiak, esate baterako.
Asanblada Feministak “sistema kapitalista zisheteropatriarkala” kritikatu du esanez sistema horrek “indarkeria matxista erabiltzen duela gizartean dauden botere harremanak mantentzeko” eta azpimarratu dute gaurko egunean salatu dituzten erasoek “horren isla besterik ez direla”. Nazkatuta agertu dira erasotuak eta erailak izateaz eta gizarteari eta erakundeei exijitu diete “egungo jarrera konplizeak” alboratzea eta “antolaketa sexistari aurre egiteko benetako neurriak behingoz” har daitezela. Azkenik, autodefentsa feministarako deia egin dute eta erantzuteko prest daudela adierazi dute.