Minbiziaren tabua bertsoz desagerrarazi dute Trinitate plazan
2022ko Aste Nagusi Pirataren barruan, minbiziaren tabua desagerrarazteko bertso saio musikatua antolatu du Iñurri elkarteak Trinitate plazan. Amaieran, Elenita Guinea omendu dute.
Minbizia tabu handi bat da gizartean, eta tabu hori desagerrarazteko lanean dabil minbizia duten hainbat emakumek osatutako Iñurri elkarte feminista eta eraldatzailea, Izan Iñurri lelopean. 2022ko Aste Nagusi Pirataren barruan, minbiziaren tabua desagerrarazteko bertso saio musikatua antolatu du elkarteak Trinitate plazan, hilaren 18an. Ane Labaka, Alaia Martin, Ohiana Iguaran eta Onintza Enbeita bertsolariek hartu dute parte, Ixak Arruti eta Gari Otamendi musikariekin eta Amaia Agirre gai jartzailearekin batera.
Trinitate plaza goraino bete da minbizia ardatz izan duten bertsoak entzuteko, eta saio eder bezain hunkigarria izan da. Amaieran, Iñurri elkarteko kide, bertso saioaren antolatzaile eta Ikatz kaleko Aurresku taberko arduradun Elenita Guineari eskaini dizkiote bertsoak, besteak beste, bere urtebetetzea baitzen.
Joseba Parron San Sebastian argazkilaria han izan da, eta behean ikus dezakezuen irudi bilduma osatu du. Gainera, bideoan grabatu ditu Guineari eskaini dizkioten bertsoak: