Kaleak eta gaua denonak direla aldarrikatu dute Salaketa Egunean
Piratek "bestelako festa batzuk" aldarrikatu dituzte, "guztiontzat direnak" eta kaleak eta gaua emakumeenak ere direla aldarrikatu dute.
Arratsaldean Salaketa Eguna egin dute Donostiako Piratek, Aste Nagusian zehar egon diren eraso guztiak salatzeko. Flamenka gunean hasi dute elkarretaratzea, eta ehunka pertsona bildu dira. Mobilizazioaren hasieran, Flamenkako eszenatokian, bertso batzuk bota dituzte, ziztadak, ukituak, bortxaketak edota bestelako erasoak gaitzat zituztenak. Bertso saioa amaitu denean manifestazioa hasi da, Autodefentsa Feminista, Neska Gazteok ez dugu inolako erasorik onartuko eta Erasorik ez erantzunik gabe esaldiak zituzten pankartak eramanda. Aste Nagusian Piratek egin dituzten manifestazio guztietako ibilbide bera jarraitu du honek. Flamenkatik Hernani kalera joan dira eta ondoren Askatasun Hiribidera abiatu dira. Askatasun Hiribidea zeharkatu ondoren Okendo kaletik Bulebarrera joan dira eta handik Kale Nagusian barneratu dira, Santa Maria elizaraino. Ibilbidean zehar Gora Borroka Feminista, Matxirulo entzun pim pam pum, Kaleak, gauak gureak dira edota Patriarkatu kapitala aliantza kriminala bezalako kantikak entzun dira.
Santa Maria elizan hitzaldia egin dute Piratek. Ke morea bota dute hitzaldia hasi aurretik ingurua feministen kolorearekin inguratzeko. Hitzaldian, aurtengo Aste Nagusiko erasoen errepasoa egin dute eta ziztaden gaia jarri dute mahai gainean. Udalari esan diote hartutako neurriak ez direla nahikoak emakumeen segurtasuna bermatzeko eta tresna gehiagoren beharra aldarrikatu dute. Azpimarratu dute matxismo mugimendu bat dagoela emakumeei beldurra sartzeko antolatuta dagoena eta egoerarekin nazkatuta daudela adierazi dute. Azkenik, Piratek “bestelako festa batzuk” aldarrikatu dituzte, “guztiontzat direnak” eta kaleak eta gaua emakumeenak ere direla aldarrikatu dute. Hitzaldian zehar Algortako emakumeak gogora ekarri dituzte eta biktimekin haien elkartasuna adierazi dute.
Joseba Parron San Sebastian argazkilariaren irudi bilduma jarraian ikusi dezakezue: