Milaka lagun atera dira Donostiako kaleetatik presoen etxeratzea eskatzera
Sarek presoen etxeratzearen aldeko manifestazioa egin du gaur eguerdian, Donostian, 12:30ean. Bulebarreko kiosko ondoan hasi da manifestazioa eta Hernani kaletik Askatasunaren Hiribiderantz joan dira. Ondoren Argentinako Errepublika kalea zeharkatu dute eta Bulebarretik Flamenka gunera abiatu dira agerraldia amaitzeko. Milaka lagun irten dira Donostiako kaleetatik Etxean nahi zaituztegu eta Etxerako bidea gertu leloa zuten bi pankartekin. Erraldoiak ere egon dira ibilbidean zehar aldarrikapenari jai giroa emateko. Manifestazioa Portaletan amaitu da Sarek egindako hitzaldi batekin.
Hitzaldia baino lehen Martxa baten lehen notak kanta abestu da eta Ezkila Kapitainak txupinazoa bota du. Ondoren, Inaxio Oiarzabalek eta Nahikari Iturbek hitzaldia irakurri dute. Bertan, Piratei, kofradiei eta jai batzordeetako kideei eskerrak eman dizkiete “euren babes eta atxikimendua eman izanagatik”. Gogoratu dute orain dela urtebete “Euskal Herritik urrunen dauden espetxeak uztea” lortu zela, hau da, Espainiako Estatuko hegoaldean daudenak, baina oraindik “58 euskal preso Euskal Herritik urrun” daudela. Bestetik, Auzitegi Nazionaleko fiskaltza salatu dute “eskuin-mutur politikoaren beso juridikoa” dela leporatuta, “etengabe errekurritzen baititu espetxeetako tratamendu- batzordeen erabakiak, espetxeko hirugarren gradua eta baimenak onartu nahi direnean”. Horregatik, salbuespenak araua izateari uztea eskatu dute, hau da, graduen progresioa, irteera baimenak, larriki gaixo diren presoen etxeratzeak eta gurasotasun eta familia eskubideak eskatu dituzte. Azkenik Euskal Herriak akordioak eta konponbide justuak behar dituela azpimarratu dute eta “konfrontazioaren eta mendekuaren alde egiten dutenek lekurik ez dutela” adierazi dute.