Dragoiaren hondartza izango da hainbat egunez
House of the Dragon (Dragoiaren etxea) telesailaren estreinaldia mundu osoan sustatzeko aukeratu dute Kontxako hondartza. Horrela, gaur goizaldetik ikusgai dago Targaryen etxearen armarria. Asteazkeneko gauerdira arte egongo da armarria hondartzan. HBO Max plataformak bart estreinatu zuen.
George R.R. Martinen Sua eta odola eleberrian oinarrituta dagoen telesaila da House of the Dragon, eta Targaryen etxearen istorioa kontatzen du. Hain zuzen ere, Game of Thrones (Tronuen dema) serie ezagunaren prekuela da, eta 200 urte lehenago dago kokatuta.
Armarriaren xehetasunak
Hiru metroko diametroa du armarriak, eta Dragonstone uhartearen antzeko harriekin egina dago. Jon Foremanek egin du armarria, Land Art-eko (naturan aurkitutako materialak soilik erabiltzen dituen arte garaikideko mugimendua) erakusle berrienetako batek. Foremanek artelan iragankorrak egiten ditu. Batez ere, harea, arrokak eta adarrak erabiltzen ditu, eskala desberdinetako konposizioak sortuz.