Espainiako Vueltak zirkulazio mozketak eragingo ditu hilaren 24an
Asteazkenean, hilaren 24an, Espainiako Vueltaren bosgarren etapa Donostiatik pasako da. Aldiz, Irundik abiatuko da eta hiritik 13:10 inguruan igaroko dela iragarri dute. Horrek hiriko zirkulazioari eragingo dio; hainbat kale itxiko dira 12:15etik aurrera, eta tropela pasa arte 13:30era gutxi gorabehera. Ordu tarte horrek lasterketako gorabeheren ondorioz, aldaketak izan ditzake.
Lasterketaren aurretik eta irauten duen bitartean hainbat kale itxi egingo dituztenez, eragindako inguruetara ez hurbiltzeko eta beste kale batzuetatik joateko gomendatzen zaie gidariei. Lasterketa Buenavistatik iritsiko da, eta Erdialdea eta Kontxako pasealekua igaro ondoren Antiguarantz joango da. Azkenik, Añorgatik aterako da. Helmuga Bilbon izango dute txirrindulariek.
Lasterketak irauten duen bitartean ezinezkoa izango da ibilbidea zeharkatu eta gurutzatu. Garraio publikoa erabiltzea gomendatzen da. Hain zuzen ere, Dbuseko lineek eta geltokiek aldaketak izango dituzte.